Eusko Jaurlaritzak 712.000 euro bideratuko ditu arte eszenikoen eta musikalen azpiegitura pribatuak modernizatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko

0
PRUEBA

Deialdia Europar Batasunak finantzatutako Next Generation EU Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago 

Gobernu Kontseiluak 711.527 euroko dirulaguntzen deialdia onartu du gaur, arte eszenikoen eta musikalen jarduera profesionala garatzen duten azpiegiturak modernizatzeko eta modu iraunkorrean kudeatzeko inbertsio-proiektuak finantzatzeko. Gaur onartutako deialdia Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan dago (Next Generation EU).

Diruz lagundu daitezkeen inbertsioek honako helburu hauek bete beharko dituzte:

    • Ingurumen-eraldaketa.

 

    • Eraldaketa digitala.

 

    • Kudeaketa hobetzea.

 

Dirulaguntza hauen onuradunak izaera pribatua duten eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak izan daitezke, baldin eta ohiko jarduera arte eszenikoen eta musikaren ekoizpen edo programazio profesionalaren eremuetan egiten badute. Gainera, inbertsio-proiektuen xede diren azpiegiturek honako eremu hauetako batean edo gehiagotan jardun izana egiaztatu beharko dute:

    • Zuzeneko arteen erakusketa: antzokiak, auditoriumak, zirko-karpak eta musika-aretoak.

 

    • Saiakera eta ekoizpen eszenikoa: antzerkia, dantza, zirkua eta diziplina anitzak.

 

    • Saiakera eta/edo musika-ekoizpena.

 

Dirulaguntzek ezin izango dute gastuen aurrekontu osoaren % 80 gainditu, eta ezin izango dira 150.000 eurotik gorakoak izan. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialea argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarren aldia da, Next funts europarren barruan, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak dirulaguntza hauek deitzen dituela. 2021eko deialdian zortzi proiektu lagundu ziren diruz: Asociación cultural D 8 Sorkuntza faktoria, Asociación Hacería Arteak, Azala espacio de Creación y alojamiento rural S.L., Azkuna Zentroa, Lekuona Fabrika, Garaion antzokia, Harrobia Asociación para la Innovación en Producción Escénica eta Victoria Eugenia Antzokia.

Next Generation EU

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko helburua dute Next Generation EU funtsek. Aparteko aukera ematen dute errekuperazio-plan espezifikoak hedatzeko eta pandemiak inbertsioan eta jarduera ekonomikoan duen eraginari aurre egiteko. Helburu hori lortzeko neurriak sei zutabetan daude egituratua, eta horien artean daude, besteak beste, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala eta hazkunde-eredu adimendun, jasangarri eta integratzaile bat, honako hauek barne hartzen dituena: kohesio ekonomikoa, enplegua, produktibitatea, lehiakortasuna, ikerketa, garapena eta berrikuntza.

Europar Batasunak berak adierazitakoa da, kultura- eta sormen-sektoreek zeregin garrantzitsua izan dezaketela susperraldi iraunkorra bermatzeko orduan, beren jardueren izaera dela eta: hazkunde azkarrekoak eta jabetza intelektualetik eta sormenetik eratorritako balio ekonomikoa dutenak. Hala ere, aldi berean onartzen da Covid-19aren krisian ezarritako gizarte-harremanetarako murrizketek ondorio ekonomiko bereziki negatiboak izan dituztela. Kulturari dagokionez bereziki zuzeneko jarduera izan da kaltetuena: arte eszenikoak eta musika, batez ere.