Gobernu Kontseiluak baimena eman du Aldundiek 2.455.514,84 euro jaso ditzaten Administrazio Zentraletik, sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta-zentroak sortzeko

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Foru Aldundiek Estatuko Administrazio Orokorraren funtsak jaso ahal izateko baimena sexu-indarkeriaren biktimei 24 orduz arreta integrala emateko zentroak sortzeko. Funts horiek Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren erabakiaren ondorio dira eta akordio honen bitartez 2.455.514,84 euro esleitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, «Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren» kontura. Zenbateko hori foru-aldundien artean banatu behar da, haiek baitira sexu-indarkeriaren biktimei 24 orduko arreta integrala emateko zentroak gauzatzeko eta sortzeko eskumena duten administrazioak. Banaketa egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakundearteko Batzordeak 2022ko ekainaren 6an egindako bilkuran hartutako Akordioan xedatutako irizpideak erabiliko dira. Horrela, Arabak 757.451,20 euro jasoko ditu, Bizkaiak 879.143,92 euro eta Gipuzkoak 818.919,71 euro.

Berdintasunerako eta Genero Indarkeriaren aurkako Estatu Idazkaritzaren 2022ko ekainaren 14ko Ebazpenak Berdintasunerako Konferentzia Sektorialaren Erabakia argitaratzen du, lurralde-banaketaren irizpideak onartzen dituena eta ondoriozko finantza-konpromisoak formalizatzen dituena. Foru-aldundiek, beren eskumenen esparruan proiektuak gauzatzea dagokien erakunde diren aldetik, Berreskuratze eta Erresilientziarako Mekanismoa arautzen duen araudiak esleitzen dizkien konpromiso eta betebehar guztiak hartzen dituzte beren gain, beren kudeaketa-sistemari dagokion guztia barne (COFFE).