Osakidetzak handitu egin du txertaketa behar bezala jarrita duten jakiteko proben xede izaten ari diren Kabiezesko adingabeen taldea

0

Joan den irailetik, Kabiezesko osasun-zentroko adingabeen talde baten txertaketa desegokia izan zitekeela jakin zenetik, Osakidetza eta Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritza proba serologikoak egiten ari dira, adingabe horien immunitate-maila zein den ezagutzeko.

Urrian bi kupo desberdinetako berrogeita hamar adingabe inguruko lehen talde bati eginiko proben ondoren, egiaztatu da aztertutako kupo bateko ia gehienek ez zutela immunizazioa zuzen; ondorioz, Osasun Publikoko Zuzendaritzak erabaki du, batetik, immunitaterik ez duten adingabeei txertoa ematea eta, bestetik, txertaketa desegokia izan duen kupo osoari zabaltzea kasu bakoitzaren analisia. Analisi hori indibidualizatua izango da, dagokion txertoaren, adingabeen adinaren eta beste inguruabar batzuen arabera.

Datozen egunotan, Osakidetza talde hori eratzen duten adingabeen familiekin jarriko da harremanetan, egoeraren berri eta hitzordua emateko; guztira, 400 adingabe dira.

Txertaketa egokiari buruzko zalantzak EZ dira osasun-zentroan txertatutako ume guztietara zabalduko; horregatik jarriko da Osakidetza ere harremanetan haren berri izateko probarik egin behar EZ duten familiekin.

Egin beharreko probetatik egiaztatzen bada behar bezala txertatuta ez dauden ume gehiago daudela eta, beraz, beharrezkoa den immunitatea sortu ez dutela, dagokion txertoa hartuko dute.

Aldi berean, Osasun Sailak jarraituko du izapidetzen aztertzen ari den adingabe-kupoa txertatzeko ardura duen Osakidetzako profesionalari zabaldutako espedientea.