Asier Amondoren lekukoa jasota, Ane Elordi (Zornotza, 1991) izango da KORRIKAren arduradun nagusia. Hala erabaki zuen AEK-k azken Batzar Nagusian. Amondok berak AEKn jarraituko du, beste eginkizun batzuetan. Elordiren esanetan,«KORRIKA kolore, iritzi eta pentsamolde desberdin asko elkartzen dituen Euskal Herriko egitasmo bakarrenetakoa da, eta horren gidari izatea ohorea da».
KORRIKAren aurpegi berria kazetaritza lizentziaduna da, eta 2015etik dabil AEKn. Erakunde barruan lan andanatan ibili da Elordi: irakasle, barnetegietan, berbalagun egitasmoan, komunikazioan… baita KORRIKAn bertan ere. Besteak beste, 21. edizioan furgoneta kidea izan zen, eta 22.ean komunikazio taldeko kidea, beste zeregin batzuen artean.
Elordik dio alde batetik «poza» sentitzen duela, «lankideek, emandako konfiantzarengatik»; baina beste aldetik «bertigoa» ere sentitzen duela. Halaber, eta bera ordezkari nagusia izanagatik, lasterketa erraldoiaren antolakuntza sarearen garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Elordik: «AEKide guztiok eta herritar asko barik, KORRIKA ez litzateke posible izango. Gu, azkenean, hautatu batzuk gara, eta horretan egoteko ohorea daukagu, baina guk bakarrik ez dugu ezer egingo».
Horretaz gain, koordinatzaile berriak KORRIKAren erronkak zeintzuk diren ere baditu argi: «ekimenaren eragina, poztasun hori, euskararen aldeko jarrera hori, ez daitezela 10 eguneko kontu hutsean geratu. Hau da, alde egotetik egitera pasatzea».
AEKren AIZU! aldizkariak egin dion elkarrizketan haren gogoeta gehiago eta Ane Elordi bera ere hobeto ezagutzeko aukera dago, hemen.
La entrada Ane Elordi da KORRIKAren arduradun nagusi berria se publicó primero en BizkaiaGaur.