Osasun arloko profesionalen prestakuntzarako saioa antolatu dute Emakundek eta Osakidetzak sexu-esplotaziorako emakume eta nesken salerosketa prebenitzeko

0

Emakume eta nesken  sexu-esplotaziorako salerosketaren arloan profesionalen prestakuntzari eman nahi zaion bultzada bereziari erantzunez, gaur goizean Donostiako ospitalean osasun arloko profesionalei zuzendutako prestakuntza saioa egin da Emakundek eta Osakidetzak antolatuta. Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak, dagoen Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian azken urtetan arlo honetan egiten ari den lana azpimarratu du eta ongi etorria eman dio Osakidetzari, izan ere, mahai honen osaketara gehituko baita.

“Oso argi daukagu indarkeriaren biktima izan diren emakumeak artatzeko orduan, bai eta indarkeriaren prebentzioan ere, profesionalen prestakuntza funtsezko gaia dela, eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktimak artatzen dituztenek genero-ikuspegitik eta giza eskubideen ikuspegitik egin behar dutela», esan du Elgarrestak. Gaineratu duenez, profesionalei eskaintzen zaien prestakuntzak kontuan hartzen du «sexu-esplotazioa berdintasun ezan, botere-abusuan, emakumeen menderatzean eta esplotazioan oinarritzen dela, eta, gainera, beharrezkoa da biktima diren emakumeen errealitateak, kultura eta gizarte-baldintzatzaileak sakon ezagutzea, ikuspegi multikultural batetik».

Profesionalen prestakuntza diseinatzeko eta emateko erabakia  2016. urtetik martxan dagoen Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian adostu zuten mahaia osatzen duten erakundeek. Emakundek koordinatzen du Mahaia, eta honako erakunde eta gizarte eragiletako ordezkariek osatzen dute: erakundeen artetik, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako saila, Segurtasun saila, poliziak, Fiskaltza, Gobernuaren Ordezkaritza, hiru foru-aldundiak; eta gizarte-eragileen aldetik, Caritas, CEAR Euskadi, Munduko Medikuak, Ihesaren aurkako Batzordea, Gurutze Gorria, Gizarterako, Askabide, Oblatas, Save The Children, Arrats eta Accem.

Azken urtean, mahai horrek era honetako indarkeriaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta identifikatzeko adierazle komunak eguneratu ditu. Adierazle horiek 2020-2021 aldian bertan ordezkatutako erakundeek adostu dituzte aldez aurretik, etengabeko hobekuntzan aurrera egiteko. Helburua da adierazle komun horiek Euskadin sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima izan daitezkeen emakumeak hobeto identifikatzen laguntzea, eta, horrela, haien errealitatea eta beharrak hobeto ezagutu ahal izatea.

Carmen Meneses irakasleak Mahaiaren enkarguz egindako azken txostenean nabarmentzen denez, zaila da jakitea salerosketaren biktima diren emakumeen kopuru zehatza, hainbat arrazoirengatik, nahiz eta aipatutako ikerketaren arabera, prostituzio-testuinguruetan dauden pertsonen % 10 eta % 15 artekoa izango litzatekela kalkulatzen den.

Elgarrestak eskerrak eman ditu Sexu-esplotaziorako emakumeen eta nesken salerosketaren aurkako Mahaian egiten ari diren lanagatik eta baita gaurko hizlariei: Ertzaintzatik Hugo Carlos Prieto komisariordea; Lluis Ballester, Balear uharteetako Unibertsitateko irakaslea; María Luis del Pozo Oblatas-eko “Leiho zabalik” programako zuzendaria; eta Belén Matesanz, Balear Uharteetako Médicos del Mundo elkarteko koordinatzailea.