Eibarrek 5 milioi euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzaren eskutik Gabilondoko eraikina birgaitzeko hiriaren ekialdeko planaren baitan

0
hdr

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 4.980.125 euroko dirulaguntza eman dio Eibarko Udalari, Barrena kalean dagoen “Hijos de Gabilondo” eraikina birgaitzeko. Ekimen hori hiriaren ekialdea deitutakoa —Urkizutik Azitaineraino— osorik berroneratzeko planean jasotzen da.

Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek eta Eibarko alkate Jon Iraolak prentsaurrekoa eman dute gaur Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren berri emateko. Erabaki hori Eusko Jaurlaritzaren hiri-berroneratze integralerako proiektuetara bideratutako Inbertsio Estrategikoen Erakunde Arteko Planaren barruan dago. Udalak plan horrekin bat egin zuen onartu den dirulaguntza- proposamen hau aurkeztuta.

Udalak duela gutxi eskuratu zuen “Hijos de Gabilondo” izeneko industria-higiezin zaharra 2.750.000 euroren truke, hiriko zerbitzurako ekipamendu berri bihurtzeko. Honako hau gune hori osorik berroneratzeko beste ekimen batzuei lotutako proiektua da, hala nola orain dela urte askotatik abian dagoen Txonta auzoaren berroneratzea, geltokiaren eta Azitainen artean trenbidearen ibilbidea estaltzea eta, horren ondorioz edo lehen industria erabilera zeukaten Barrenako eraikinetan etorkizunean egingo diren hirigintza-jarduketak.

Iraolak prentsaurrekoan adierazi duenez, “Gobernu taldea aspalditik ari da ekialdea berroneratzeko plana lantzen, eta proposamen nabarmenetako bat Gabilondoko eraikina eta bere ingurua birmoldatzea zen, berroneratze horretarako pizgarria izango delako”.

Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jaso duen birgaitze-proiektuarekin batera, prestakuntza eta enplegua sortzeko proiektu bat ere aurkeztu da. Horrela, inguruaren berroneratze integrala lortu ahalko da, hirigintza gizarte-eremuarekin lotutako arloekin konbinatuz.

“Ondo definitutako eta mugatutako jarduketa horiek guztiak gauzatzeko laguntza dugu, eta horretan Eusko Jaurlaritzaren eskutik goaz. Jaurlaritza, bere laguntza propioen bidez edo Europako funtsak lortzeko bitartekaritzaren bidez, Gabilondoko eraikinaren birgaitzea, Txonta berroneratzea eta trenbidearen estaldura finantzatzen laguntzen ari da. Laguntza horiek funtsezkoak izaten ari dira aipatutako proiektuek kostu handia dutelako eta Udalak ezin izango liekeelako bere funts propioekin aurre egin”, azaldu du Iraolak.

Alkateak gogoratu du, era berean, Eibarko ekialdea berroneratzeko ibilbide-orri hau aurrera eramateko, udaleko gobernu taldeak EH-Bildu taldearen babesa duela, bere garaian PSE-EEk eta talde abertzaleak sinatu zuten akordio batean oinarrituta. Akordio horretan, proposatutako jarduketak jasotzen dira.

Eta akordio horien barruan, alkateak gogoratu du Udala aurrera egiten ari dela bi taldeen arteko sinaduran jasotako beste alderdi batzuetan.

Bestalde, Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek gogorarazi du Eibar auzoen hiri-berroneratze programarekin lotura handiena duen udalerrietako bat dela duela sei urte programa hasi zenetik, Txontak proiektu pilotu gisa parte hartu baitu bertan. «Programa jada Euskal Autonomia Erkidego osoko 21 udalerritara zabaltzen ari da, auzoetan modu integralean jarduteko helburuarekin, ez bakarrik hiri-inguruneetan esku hartuz, baita pertsonekin lan eginez ere, energia-trantsiziorantz eta hiri-berrikuntzarantz aurrera egitea ahalbidetuko diguten ekimenekin, herritarrentzako baldintza berdinetan, bizi diren tokian eta haien egoera edozein dela ere», nabarmendu du.