Mecapres 4.0, sistema mekatronikoen bizitza iragartzeko diseinu-teknologia

0

Industria adimenduna errealitate bat da jada, eta abiadura eta exijentzia handiz egiten du aurrera, aurre egin beharreko erronka berriak utziz. Mecapres 4.0 ikerketa proiektuak horietako bati irtenbidea ematea du helburu: 4.0 industriako osagaien eta makineriaren portaera akatsak.  

“Denborarekin, makineriaren osagaiek higadurak izaten dituzte, besteak beste, lasaierak, muntaiaren desdoikuntzak, beroketa termikoak edo egiturazko kalteak direla eta. Gaur egun, ez dugu osagai horiek zer bilakaera izango duten aurreikusteko eredurik, eta, beraz, ezinezkoa da prebentzio-neurriak hartzea”, azaldu du Mario Javier Cabello Ulloak, Ikerlaneko Mecapres 4.0ko arduradunak, zeina ikerketa-proiektuaren liderra den.   

Hortaz, Mecapres 4.0k diseinu mekatronikoan jauzi teknologiko hori ematearen arduraduna izan nahi du. Horretarako, proiektuaren esparruan, diseinu-fasetik sistema mekatronikoek beren bizi-zikloan izango duten bilakaera zenbatestea ahalbidetuko duten diseinu prediktiboko tresnak garatuko dira. Horrela, enpresak sistemen portaera-akatsei aurrea hartzeko gaitasuna du, eta horrek ekoizpenean geldialdiak eta akatsak saihestuko ditu.  

Adimen artifiziala eta big data, 5G eta IoT teknologiak eta sistema ziberfisikoak izango dira, besteak beste, soluzio horiek garatzeko erabiliko diren teknologiak. Cabelloren arabera, “ekoizpenean geldialdi larriak % 75 murriztea eta produktibitatea % 15 handitzea ahalbidetuko dute”.  

Eusko Jaurlaritzaren Elkartek 2022 programak finantzatzen du proiektu kolaboratiboa, eta, Ikerlanez gain, Tekniker eta Ideko zentro teknologikoek, hirurak BRTA euskal aliantzako kideak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoa/MUk, UPV/EHUko Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientzien Sailak eta Makina Erremintaren Ikerketa Fundazioak (IMH) ere parte hartzen dute.  

Inoiz baino ikerketa gehiago

Horrelako proiektu berritzaileen buru izateaz gain, Ikerlanek apustu estrategiko handia egin du ikerketari dagokionez Eusko Jaurlaritzarekin batera, Digilab sortu berri baitu, Estatuko lehen laborategi digital multiteknologikoa. 2.000 metro koadroko gunea da, Arrasaten kokatua, eta elkarlaneko robotika, zibersegurtasuna, safety eta fidagarritasuna, 5G komunikazioak, adimen artifiziala eta konputazio kuantikoa bezalako arloetan ikertzeko azken belaunaldiko azpiegitura espezializatua du.  

1,5 milioi euroko inbertsioarekin, Eusko Jaurlaritzaren Azpitek programaren finantzazioa duten azpiegituren eta ekipamenduen lehen inaugurazioa da, eta beste urrats bat eman nahi du ezagutza Euskadiko industria-sarera eta enpresa eta erakundeetara transferitzeko.  

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.