Montajes Eléctricos Elca, nazioartean zabaldu nahi duen ETE gasteiztarra

0
PRUEBA

Montajes Eléctricos Elca Gasteizko ETE bat da, 38 urte dituena eta hazi egin nahi duena Portugal eta Frantziako merkatuetan sartuz. Momentuz, bere bezero guztiak Arabakoak dira. Konpainiak SPRI Taldearen Zibersegurtasun Industrialeko programaren laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Elca 1984an sortu zen Gasteizko Betoño industrialdean, eta 2005ean Gamarrako industrialdera aldatu ziren, leku gehiago behar zutelako. “Argiztapen publikoko instalazio elektrikoak egiten ditugu, esaterako Gasteizko aireportuan, pabilioi industrialetan, eta abar, baina pixkanaka gure jarduera zabaltzen joan gara, eta orain industriarako instalazioak ere egiten ditugu. Gure bezero handiena Michelin da” dio Isabel Arrietak, enpresako finantza arduradunak.

Sortu zenetik, enpresak gora egin du etengabe. “2008ko krisia inflexio-puntua izan zen guretzat, zeren ordura arte enpresa eraikitzaileentzat lan egiten genuen, eta krisia iritsi zenean erabaki genuen arlo industrialeko bezero gehiago behar genituela”.

Administrazioarentzat eta enpresa pribatuentzat lan egiten dute. Boltaje baxu eta ertaineko instalazio elektriko industrialetarako zerbitzuak eskaintzen dituzte. “Instalazio elektrikoak egiten ditugu, eta baita ere industriarako koadro elektrikoak, eguzki xaflen instalazioak, ibilgailu elektrikoen kargak, energia eraginkortasuneko proiektuak… Horrez gain, Gasteizko Udalak ekitaldietarako kontratu bat esleitu zigun aspaldi, eta geuk egiten ditugu kontzertuetako instalazio elektrikoak”.

Bi pabilioi

Enpresak ibilgailu flota bat du (kamioiak eta furgonetak, igotze-bitartekoak), tailer propio bat koadro elektrikoak muntatzeko, stock-ak gordetzeko biltegi bat eta bi pabilioi Betoño eta Gamarran,  2.800 metro koadroko azalera dutenak.

Elca-k 25 langile ditu, eta 1,2 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtean. Aurten ez dute aurreikusi I+G arloko inbertsiorik. Iaz laguntza bat eskatu zuten 5.0 industriako proiektu baterako, zehazki, makinen planoak irakurtzeko betaurreko berezi batzuk sortzeko. “Asmoa zen instalazioa ezagutu gabe lan egin ahal izatea. Zaila da instalazioen muntaiarako langile kualifikatuak aurkitzea, eta betaurreko horiekin planoak interpretatu daitezke ezagutza berezirik izan gabe. Baina ez genuen dirulaguntza lortu eta proiektua geldirik dago momentuz”.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin sistema informatiko osoa aldatu dute, “2023. urtean ISO 27001 ziurtapena lortu ahal izateko. Proiektua garatuta daukagu jadanik SPRIren programaren laguntzarekin”.

Elca-k mugarri garrantzitsu bat lortu du aurten, joan den martxoan Donostiako Loyola Norte enpresak erosi baitzuen. “Enpresa gisa hazi nahi dugu, eta merkatu berriak ireki”. Izan ere, langile bila dabiltza plantilla handitzeko. “Helburua da langile gehiago hartzea, bezero berriak lortzea eta merkatuan jarraitzea. Gure fakturazio osoa Araban sortzen da gaur egun, baina muntaiak egin nahi ditugu Espainiatik kanpo ere, esaterako Portugalen eta Frantzian”.