Beatriz Artolazabalek «lan partekatua» aldarrikatu du Behatuz gizarte zerbitzuen euskal behatokiaren web-atari berriaren aurkezpenean

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean, Donostian, Behatuz aurkeztu du, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren web-atari berria.

Topaketan, gizarte-zerbitzuetako profesionalak eta antzeko eremuan lan egiten duten beste eragile batzuk ere egon dira, hala nola hirugarren sektoreko entitate eta erakundeak edo enpresak. Artolazabalek haien aurrean azaldu duenez, tresna hori “berritu eta sendotu” egin da, eta helburu du «EAEko gizarte-zerbitzuen eremuan ikerketara, berrikuntzara, ebaluaziora eta ezagutzaren sorkuntza eta zabalkundera bideratutako espazioa birdimentsionatzea”. Behatuz, “gizarte-zerbitzuen pertsona eta erakunde erabiltzaileentzat erreferentzia dokumentalaz gainera, ekintza hobetzeko topagune eta partekatutako lan ere bilakatzeko” helburuarekin.

Sailburuak azaldu duenez, web-atari berria tresna integrala eta dinamikoa da, eta, eragileek eremuaren inguruan duten esperientzia ere kontuan hartuta, hobeto konektatzen da EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemaren eta, oro har, gizarte-zerbitzuen eremuko politiken diseinuarekin eta ebaluazioarekin.

Web-tresna espezifiko horren sustapena Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokian eginiko sendotze-prozesuaren parte da; horretarako, egitura berria eta hobea du, bai eta hura garatzeko kontratatutako talde egonkor bat ere, eta aztertutako gai bakoitzean adituak diren pertsona, entitate eta erakundeen elkarlana ere bai.

Ainhoa Carcavilla, Arantxa Mendieta eta Jaione Cia taldeko profesionalak arduratuko dira web-atari berria koordinatzeaz, eta tresna horren diseinuari eta arlo tematikoei buruzko informazio xehatuagoa eman dute. Tresna hori, Beatriz Artolazabalen hitzetan, “funtsezkoa da EAEn gizarte-zerbitzuen prestazioa hobetzeko”.

Hala, estreinatu berri den web-orria lau arlo tematiko handik eratzen dute: Ikertuz, gizarte-zerbitzuen inguruko azterlanari eta ikerketari buruzkoa; Ezagutuz, ezagutzari eta gizarte-informazioari buruzkoa; Berrituz, praktika berritzaileenak oinarri dituena, eta Gizarteratuz, zeina gizarte-zerbitzuei buruzko analisiko eta gaurkotasuneko argitalpen digitalal osagarri baten izena ere baita. Lau atal horiek, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren iritziz, “etengabeko hobekuntzarako eta berrikuntzarako praktika eraldatzeko prozesu bereko lau elementu islatzen dituzte: ikerketa aplikatua, dagoeneko finkatuta dagoen ezagutzaren kudeaketa, berrikuntza eta sortutako ezagutza berriaren transferentzia”.

Gainera, Artolazabalek esan duenez, Behatuzek zenbait “erronka”tara errazago egokitzen lagunduko du, besteak beste: bizitzan zeharreko gizarte-zaintzen arloko trantsizio-politikak edo EAEko gizartearen zahartzea. Era berean, esan duenez, batzuetan berehalako erantzunak behar dituzten “premia aldakor edo berriei ahalik eta erantzun eraginkorrena” eskaintzen lagunduko du –besteak beste, COVID-19aren pandemiaren edo Ukrainako gerraren kasuan gertatu bezala–.

Hori dela eta esan du, amaitzeko, Behatuz “tresna dinamikotzat” ulertzen dela, “biltegi bat baino askoz gehiago” dela.

Mahai-ingurua

Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren web-atari berria gizartean aurkezteko ekitaldian, mahai-inguru bat ere izan da; Adriana Martínez (APTES) izan da haren moderatzailea eta, hartan, gizarte-zerbitzuen ezagutzaren egungo egoera eta Behatuzek sektorearen hobekuntzan duen eginkizuna aztertu dituzte. Honako hauek ere parte hartu dute: Arkaitz Fullaondo (UPV/EHU), Jaime García (EDE Fundazioa), Arantxa Aldaz (Diario Vasco), Javier Castro-Spila (GIZALAB fundazioa) eta Boni Cantero (Vitoria-Gasteizko Udala).