Eusko Jaurlaritzak eta Deustuk Euskadira talentua erakartzeko ekitaldia antolatu dute Londresen. Eurostatek argitaratutako bizi-kalitatearen adierazleak nabarmendu dituzte.

0

Eusko Jaurlaritzak, Deusto Business Alumnirekin batera, topaketa bat antolatu du gaur arratsaldean Londresen, Euskadiren ahalmenak erakusteko eta talentua erakartzeko. Ekimena gaur egun Britainia Handiko hiriburuan lan egiten duten euskal jatorriko pertsonei zuzenduta dago, baita Londresen bizi diren arren Euskadiko ekosistema profesionalarekiko interesa erakutsi duten beste herrialde batzuetako pertsonei ere. Ia ehun lagunek baieztatu dute 18:00etan (bertako ordua) Londresko Trinity Housen egingo den ekitaldian izango direla.

Ekitaldian parte hartuko dute Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Jose Maria Guibert Deustoko Unibertsitateko Errektoreak eta Euskaditik bertatik edo atzerritik nazioartean esperientzia zabala izan duten hainbat konpainiatako profesionalek, hala nola: Inmaculada Rodríguez, Angulas Aguinagako Giza Baliabideetako zuzendaria; Luis Urkidi, Velatia Taldeko Giza Kapitalaren arduraduna; Sonia Garay, Artecheko Giza Baliabideen zuzendaria; Cristina Ortega, Espazio atalaren arduraduna AVS Added Value Solutions; eta Juncal de Lucas, Salto. Guztiak bizi dira Euskadin eta enpresa oso nazioartekotuetan egiten dute lan.

Gainera, ekitaldian Euskadin lanean ari diren atzerritarren testigantzak ere proiektatuko dira. Jeremy Ship-ek, Grapheneako Salmenta zuzendariak, Ciara Higgins-ek, Deustoko Unibertsitateko Estrategia eta Nazioarteko Negozioetako irakasleak, Dan Bret-ek, CSOk eta CounterCraft-en sortzaileak, Francisco Carranzak, Basquevolt-eko CEOk eta Jans Keunek, Viralgen-eko Produktu Digitalen zuzendariak, euskal ekosistema profesionala, enpresen nazioarteko proiekzioa, bizitza sozialean eta lan-bizitzan integratzeko erraztasuna eta Euskadik dituen azpiegitura eta gizarte-zerbitzuen kalitatea nabarmentzen dituzte.

Jardunaldiaren ardatza izango da bertaratutako profesionalen artean euskal industriaren erakargarritasunak sustatzea eta parte hartzen duten enpresetako/sektoreetako talentuaren egungo egoera ezagutaraztea. Era berean, hainbat esparrutan profesionalak aurkitzeko zailtasun handiak dituzten profil nagusiak analizatuko dira, eta behar horiei erantzuteko talentuaren esparruan abian jartzen ari diren neurri edo ekimenei buruzko gogoeta partekatuko da.

Ekitaldiari amaiera emateko, Deustuko Unibertsitateko Errektoreak José María Guibertek hitzaldia emango du, «Talentuaren prestakuntza eta gaikuntza etorkizunerako» izenburupean.

Ekitaldiaren egitaraua

  • Euskadi abangoardian eta nazioarteko talenturako HUBa, Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua
  • Talentuaren mapa: Talentuaren egoera Euskadin, Iñaki Goyeneche eta Estibaliz Etxezarra, ieTeam
  • Talentuaren egoera Euskadin: enpresaren beharrak eta profilak. Moderatzailea: Álvaro de la Rica, Deustoko Unibertsitateko dekanoa
  1. Inmaculada Rodríguez, Angulas Aguinagako Giza Baliabideetako zuzendaria
  2. Luis Urkidi, Velatia Taldeko Giza Kapitalaren arduraduna
  3. Sonia Garay, Arteche-ko giza baliabideen zuzendaria
  4. Cristina Ortega Espazio alorreko zuzendaria AVS added Value Solutions
  5. Juncal de Lucas, Giza baliabideen zuzendaria, Sato Systems
  • Etorkizunerako talentuaren prestakuntza eta gaikuntza, Deustoko Unibertsitateko errektorea, Jose María Guibert

Talentuaren mapa Euskadin

Iñaki Goyenechek eta Estibaliz Etxezarrak jardunaldian aurkeztuko duen talentu-mapa ieTeam enpresak egin du. Beste herrialde batzuekin konparazio-azterketa bat egin du, eta emaitza hau da:

Mende honetako lehen urteetatik aurrera, Euskadik gainbehera demografikoari egin behar dio aurre, eta proiekzioak ez dira oso itxaropentsua izango datozen urteetarako. Aipatutako aurreikuspenen arabera, 200.000 pertsona baino gehiago faltako lirateke datozen hamarkadetan izango den belaunaldi-erreleboa betetzeko, eta horrek esan nahi du enpresek zailtasunak izango dituztela lanpostuak betetzeko. Horrek lan-ondorio garrantzitsuak ekarriko lituzke: lan-indarraren % 10eko murrizketa; ondorio ekonomikoak (hazkundearen moteltzea eta euskal ekonomiaren pisu ekonomikoaren pixkanakako galera); eta ondorio fiskalak, egungo ongizate-estatuari eusteko zerga-errefortzu gero eta handiagoagatik.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da hainbat ekimenen bidez talentua erakartzeko neurriak hartzea, kontuan hartuta herrialde baten erakargarritasunak barne hartzen dituela eskualde horrek bere barne-talentua fidelizatzeko eta garatzeko duen ahalmena, eta kanpotik talentua erakartzekoa. Gehien baloratutako aldagaiak dira aukera profesionalak, bizi-kalitatea eta lekualdatzeko erraztasuna.

  • Aukera profesionalak: Gaur egun, Euskadi aukera profesionaletan aberatsa dela esan dezakegu, negozioak egiteko erraztasun handiarekin, klusterren garapen nabarmenarekin eta I+Gn inbertsio nabarmenarekin. Era berean, enpresek prestakuntza korporatibo eta prestakuntza-ordu gehien ematen dituzten tokietako bat da. Genero-berdintasunaren indizea Europako beste herrialde batzuetakoaren (esaterako, Holandaren) antzekoa da.
  • Bizi-kalitatea: Bizi-kalitatea handia da Euskadin. Eurostat Euskadiren datuen arabera, Europako herrialde batzuen antzeko mailan dago, esaterako Alemaniakoan, Europako hegoaldeko herrialdeen (adibidez Italiaren) gainetik, baina Holanda edo Suitza baino indize txikiagoekin. Bizi-itxaropena 84 urtekoa da, lehen aipatutako herrialde guztietan baino altuagoa, eta alderdi horrekin lotura handia duen osasun-sistema du. Etxebizitza beste herrialde batzuetan baino eskuragarriago dago, eta egonkortasun politikoa, azpiegituren kalitatea eta hezkuntza-sistema dira beste indarguneetako batzuk.
  • Lekualdatzeko erraztasuna: Alderdi hau hobetzeko arloa da Euskadirentzat, eta administrazioak profesionalen lekualdaketa errazteko neurriak jartzen ari dira bertan. Bisak eta lan-baimenak lortzeko tramiteak arintzen hasi dira, eta nazioarteko ikastetxeak eskuragarri izateko lanean ari dira.

Enpresak erakargarriak izateko, jadanik ez da nahikoa egonkortasuna sortzea eta nazioarteko ikuspegia izatea. Gaur egun, enpresek hainbat alderdi lantzen dituzte, hala nola ordutegi-malgutasuna eta telelanaren aukera, erakundearen barruko garapen profesionala, erantzukizun soziala edo irismen globala tokiko lanpostuetatik, baina nazioarteko proiektuekin.

Energiaren, fabrikazio aurreratuaren eta bioosasunaren sektoreetan erakusten ditu Euskadik espezializazio eta ahamen handiak. Automobilgintza eta ezagutzaren eta teknologia aurreratuen industriak ere aukera-esparru aipagarriak dira.

Azkenik, edozein lanbide-profil duela ere, edozein sektoretako erakunde orok beharko du bere profesionalak gaituta egotea arlo hauetan:

  • Arazoak ebaztea
  • Malgutasuna eta moldagarritasuna
  • Adimen emozionala eta enpatia
  • Komunikazio-trebetasunak
  • Erantzukizun etikoa
  • Denbora kudeatzeko gaitasuna

Deusto Business Alumni

Deusto Business Alumni elkarteak, 100 urte ospatzen ditu, eta bere eremuan, Estatuan dagoen erakunderik zaharrena da. Erakunde autonomoa da, eta funtsezko interes-taldea Deustuko Unibertsitatearentzat, oso lankidetza estua baitu Deusto Business School Fakultatearekin. Elkarteak 7.000 kide baino gehiago ditu, 2.700 enpresa baino gehiagotan.