Genero-ikuspegiari buruzko gogoeta

0

Praktika klinikoko eta osasun mentaleko genero-ikuspegiaren arazoa da hori ez dela ideologia-arazo bat, edo iritzi subjektibo edo motibazio indibidual bat –hori gertatzen da genero-gaia izendatzen denean–; aitzitik, egiten ditugun esku-hartzeen prestakuntza, lanbide-gaikuntza eta kalitateari buruzko gai bat da.

Hori eskatu beharko lukete administrazioek esku-hartzerako eta jardunbide egokietarako. Gainera, gure ingurunean oso garrantzitsua den arazo batera garamatza; hots, ez osasun-taldeek ez artatzen ditugun emakumeek askotan aitortzen ez dituzten indarkeriak ez identifikatzea.

Agian hausnartu beharko genuke gauzak beste modu batera egin behar ditugula, gai horiei beste modu batean heldu behar diegula eta lanean genero-ikuspegia aintzat hartzen ari direnei –tratamenduaren kalitatean eragina izango du– errekonozimendu profesionala egin behar diegula.

Askotan, profesional horiek taldeko beste kide batzuei egin behar izaten diete aurre, eta horiek, prestakuntza faltagatik edo, batez ere, eskatzen ez zaielako, ezarpen hori oztopatzen duten jarrerei eusten diete. Oso urrun gaude hori langile guztiek partekatzetik.

Bikotekidearen, bikotekide ohiaren eta beste kide batzuen, beste pertsona batzuen edo beste indarkeria-ekintza batzuen (sexu-erasoak, jazarpena, etab.) aurrekariei buruz galdetu behar da. Indarkeria datorren lekutik datorrela hartu behar da aintzat. Prestakuntza funtsezko ardatz bat da, baina ez dirudi behar bezala sentsibilizatzea lortzen duenik genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak detektatzeko eta gaia behar bezala kudeatzeko.

Emakume horiek artatzeko orduan oztopoak daude oraindik. Oraindik ere baliabide soziosanitarioetara iristeko oztopoak daude, bereizi inguruabar gehigarriak (osasun mentaleko arazoak, kasu) dituzten emakumeentzat. Demagun: emakume migratu bat, aurrekari traumatikoak ditu haurtzaroan, indarkeria ugari jasan ditu, eta bere buruaz beste egiteko arriskuagatik ospitaleratu dute. Kalean bizi da eta hori dela-eta eraso gehiago jasateko bereziki kaltebera da. Bada, sistemak babestu egin beharko luke emakume hori, eta ez lukete zentro batetik kanporatu behar antsietatea kudeatzeko azaleko lesioak egiten badizkio bere buruari. Sistema emakume horien aurkako indarkeria erabiltzen ari da, baliabide horietatik kanporatuta. Hori ez ikustea praxi txarra egitea da, eta gure asistentzia-lana zailtzen du.

Azken batean, tratu ona, duina eta kalitatezkoa ematea da kontua, ez hainbeste indarkeria eta hainbeste indarkeria mota jasan izanagatik bakarrik, baizik eta giza eskubideen eta justiziaren kontu bat delako. Ondo tratatua izateak gure erakundeen helburuetako bat izan beharko luke. Ez da sentsibilitate eta gaikuntza profesional indibiduala soilik. Taldeko zerbait da.

Sareko lana koordinatzeko zailtasun handiak daude, batez ere gure ingurunean; izan ere, osasun mentaleko arreta bananduta eta integratu gabe dago, gainerako osasun-arreta bezala. Horri gehitu behar zaizkio osasun mentaleko arazoak dituzten emakumeak baztertzen dituzten gizarte-baliabideen zailtasunak. Biktimizazio bikoitza. Arretaren, tratamenduaren eta babesaren arteko elkargunea behar da. Elkarlaneko eta sareko lana. Hori ezinbestekoa da, gure zeregina, bestela, alferrikakoa baita.

«Generoa eta Osasuna» taldea