Hezkuntza Sailaren aurrekontuak lehen aldiz aurreikusten du Europako ikerketa-azpiegituren partzuergo handietan parte hartzea. Itsas ikerketen EMBRC-ERIC eta irudi biomedikoko ikerketaren EuroBioimaging-ERIC

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, sailburuorde taldea lagun zuela, Hezkuntza Sailak 2023rako prestatu duen aurrekontua aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Eusko Jaurlaritzak egindako Aurrekontuen Lege Proiektuak 3.477,7 milioi euroko partida aurreikusten du Hezkuntza Sailarentzat, hau da, aurtengo ekitaldian baino  242,7 milioi euro gehiago, % 7,5eko igoerarekin.

Azpimarratzekoa da aurrekontuaren hazkundea are handiagoa dela benetan. Izan ere, aurreko ekitaldian COVID programaren barruan, salbuespenez, aurrekontuan jasotako 95,5 milioi euroak hezkuntza-inbertsio gisa finkatu baitira orain. Hori horrela izanik, igoera hori % 10,7 baino handiagoa izango litzateke.

Euskal hezkuntzak orain arte izan duen aurrekonturik handiena da honako hau; gure hezkuntza-sistema berritu eta eraldatzaileak, premia pertsonaletara, sozialetara, hezkuntzakoetara eta lanekoetara egokitzeko gaitasuna duenak inoiz izan duen aurrekonturik handiena.

 

Hezkuntza Saileko langileei dagokien kapituluak % 6,76ko hazkundea dakar. Egiturazko plantillaren egokitzapenak eta hainbat ataletan jasotako hezkuntza-figura berriek, ezarritako soldata-igoeraz gain, 104,6 milioi euroko igoera ekarri dute aurreko ekitaldiarekin alderatuta.

Aniztasunari arreta emateari dagokionez, gizarte anitz eta askotarikoari erantzungo dion hezkuntza inklusiboaren alde egiten jarraitzen du Hezkuntza Sailak. Inklusioaren aldeko apustuak funtsezkoa izaten jarraituko du; hezkuntza da tresnarik onena jatorrizko desberdintasun sozial oro emaitza akademiko, laboral eta ekonomikoetatik bereizteko, mugikortasun soziala bultzatzeko eta pertsonen talentua ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Horretarako, Hezkuntza Sailak 107 milioi euro esleitu ditu unibertsitateaz kanpoko beketarako, eta, horrez gain, 68,2 milioi euro bideratu ditu familiei hezkuntzaren osagarri diren zerbitzu garrantzitsuak eskaintzeko, hala nola garraioa eta eskola-jantokiak.

Urteko aurrekontuan aurreikusita dago hezkuntza-laguntzako berariazko premiei erantzuna ematea, ekitatea bermatzeko eta bikaintasuna sustatzeko, aniztasunari erantzun egokia ematea ahalbidetuko duten neurri eta laguntzen bidez. 200 milioi euro baino gehiago bideratuko dira Hezkuntza Premia Bereziei erantzuna emateko.

Esparru sozio-emozionala indartzearekin bat etorriz, nabarmentzekoa da irakasle aholkularien eta orientatzaileen kopuruak gora egin duela. 107 aholkulari eta orientatzaile gehiago ikastetxe publikoetan, 666 profesional izatera iritsi arte. Hezkuntza Sailak aniztasunari arreta emateko programak indartzen jarraituko du, eskola-arrakastaren indizeak hobetzeko xedez, 47.636.348 euroko aurrekontu-sailarekin.

Ikaskuntza eta berrikuntza sustatzeko, ikastetxeetan funtzio berriak dituzten irakasleak sartu dira, hala nola berrikuntza-arduradunak eta mentore digitalak. Esparru horretan zuzendaritza-taldearekin lankidetzan aritzeko, ikasturte honetan berrikuntza-arduradunaren figura berria esleitu da, ikastetxeek aurrerantzean izango dituzten behar eta erronka berrietan oinarritutako berrikuntza eta prestakuntza-planei erantzun integrala emateko. Guztira 612,5 lanaldiz hornitu dira, ikastetxe publiko guztietako 975 irakasleren artean banatuta. 33.687.500 euroko inbertsioa da.

 

Euskarari eta eleaniztasunari dagokienez, eta ikasleen zein irakasleen hizkuntza-gaitasunak areagotzeko helburuari dagokionez, 9,5 milioi euroko partida aurreikusi da.

IRALE programaren bidez 2,1 milioi euroko aurrekontuari eusten zaio euskara ikasteko irakasleak liberatzeko. Era berean, euskararen normalizazioa eta euskal kulturaren sustapena indartzen dira, dirulaguntzen programa bakar batean batuz, eskola-ingurunea euskalduntzeko proiektuak ikastetxeko hizkuntza-proiektuan integratu daitezen. Guztira, 2.500.000 euro bideratuko dira, ikastetxe publiko zein itunpekoetara.

Era berean, eleaniztasunerako programei eutsiko zaie, hizkuntzen tratamendu integral eta integratuan sakonduko duen prestakuntza emateko, bai eta curriculum-arloen irakaskuntzan eta atzerriko hizkuntzetako ekimen berritzaileetan ere (1,8 milioi).

 

Atzerriko hizkuntzaren kalitatea hobetzeko proiektuak bultzatzeari dagokionez, 1.535.000 euro erabiliko dira ingelesezko metodologiak hobetzeko eta irakasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzeko. Sare publikoko ingelesezko murgiltze programa ere hedatuko da, hasiera batean Lehen Hezkuntzako 6. mailatik Bigarren Hezkuntzako 2. mailara bitarteko ikasleentzat, guztira 1.300.000 euro bideratuta.

Gaitasun digitalaren esparruan, Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Plana hedatzen jarraituko da. Besteak beste, ikastetxe guztiek Ikastetxeko Proiektu Digitala diseinatu eta onartzea bultzatuko da, eta irakasleen eta ikasleen prestakuntza bultzatuko da, konpetentzia digitalaren maila gara dezaten.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzan, ekimen berritzaile bat jarri da abian: irakasle adituak liberatzea mentoretza digitaleko lanak egiteko eta sare bat osatzekoGuztira, 100 mentore digital izango dira ikasturte honetan eta hurrengoan, ikastetxeetan digitalizazio-proiektua abian jartzeko eta irakasleak gaitasun digitaletan prestatzeko. 7.282.598 euro erabiliko dira unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen digitalizazioa sustatzeko.

Haur Hezkuntzako lehen zikloari dagokionez, Erronka Demografikorako 2030erako Euskal Estrategiarekin bat etorriz, Haurreskolak Partzuergoaren finantzaketa indartu da, %8,93ko hazkundearekin, eta horrela 61 milioi euroraino iritsiz. Horri esker, Haurreskolak Partzuergoko haur-eskola publiko guztietan doakotasuna ezarri ahal izango da 2023-2024 ikasturtetik aurrera.

 

Lanbide Heziketari dagokionez, azken urteetako proiekzioari eutsi zaio: ikasleen hazkundea, hainbat heziketa-ziklotako taldeen kopurua handitzea, eta orientazioa indartzea Lanbide Heziketako ikastetxe integratuetan, arlo profesionalean zein psikopedagogikoan, 67 orientatzailerekin Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxe publikoetan.

Giza garapen iraunkorra lehentasunezkoa denez, etekin handiko prestakuntza garatzearen aldeko apustua egiten jarraitzen da. Prestakuntza horren helburua pertsonak prestatzea da, haien ezagutza eta gaitasunak teknologia aurreratuekin indartuz. Ikaskuntza-metodologia aktiboen bidezko prestakuntza-sistemaren eraldaketak estrategikoa izaten jarraituko du. Gainera, Lanbide Heziketak 2030eko Zientzia eta Teknologia Planean duen parte-hartzeari dagokionez, hainbat arlotan lan egiten jarraituko du –fabrikazio gehigarria, robotika, fabrikazio gehigarria 3D inprimaketaren bidez, hainbat prozesuri aplikatutako adimen artifiziala, garapen esperimentala ETEekin eta Micropymesekin… –, bai eta berrikuntza aplikatuaren hainbat esparrutan ere. Proiektu horien batura 135 milioi eurotik gorakoa da.

Lehentasunezko beste atal bat eraldaketa digitala izango da: 21 milioi euro baino gehiago, Lanbide Heziketaren eraldaketa digitala bultzatzen jarraitzeko, euskal hezkuntza-sistema osoaren barruan. Lanbide Heziketaren kasuan, ikastetxeen egiturara eta funtzionamendura bideratuko da, bertako espazioetara, prestakuntzan erabiltzen diren ekipo eta makinerietara, bai eta irakasleen prestakuntzara ere, hauen gaitasun digitalen maila hobetzeko.

Irakasleen eta ikasleen konpetentzia digitala indartzen jarraituko da, bakoitzaren mailara egokituta, banakako elkarrizketa-laguntzaileekin eta atzerriko egonaldiekin, 1,5 milioi euroko zuzkidura orokorrarekin.

Nazioartekotzeari dagokionez, aurrekontu honen beste helburu garrantzitsu bat baita hau, eta Euskadiko Lanbide Heziketa nazioarteko erreferente izanik5 milioi euro izango ditu atal honek. Partida horren bidez, nazioarteko lankidetza eta ikasleen zein irakasleen prestakuntza indartuko dira, eta, gainera, 5 kontinenteetako 166 herrialderekin gaur egun duen harremana sendotuko da.

 

Unibertsitateen eta ikerketaren arloan, Hezkuntza Sailak apustu sendoa egiten jarraitzen du Euskal Unibertsitate Ekosistemari laguntzeko, bikaintasuna helburu hartuta. Unibertsitate-koordinazioko lan ildoek eta politika zientifikoak 514 milioi euroko finantzaketa izango dute, %8,6ko hazkundearekin. Horietatik 362,9 milioi Euskal Herriko Unibertsitatearen funtzionamendua finantzatzeko izango dira, hau da, 2022an baino 22,9 milioi euro gehiago,  % 6,7ko gehikuntza. Gainera, Hezkuntza Sailaren I+G+B gastua 206,1 milioi eurokoa da guztira, aurreko urtean baino % 12 gehiago.

Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak 46 milioi euroko aurrekontua bideratuko du beka eta laguntzetara, hau da, iaz baino % 3,14 gehiago. Beka eta laguntzen artean, nabarmentzekoa da unibertsitate-beka orokorra, 26,5 milioi eurorekin, eta doktoratu aurreko eta doktoratu ondoko laguntzak, 13,8 milioi eurorekin, hau da, %12,5eko igoera 2022aren aldean.

Hezkuntza Sailaren aurrekontuetan unibertsitate-irakaskuntzarako eta bikaintasuneko ikerketarako azpiegiturak bultzatzearekin lotutako partidak ere jasotzen dira. Horien artean, Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari lotutako partida 14,6 milioi eurora igo da, hau da, hirukoiztu egin da 2022koarekin alderatuta. Halaber, Jose Mari Korta ikerketa-zentroaren ondoko eraikin berria eraikitzeko hasitako partida 6,1 milioi eurora igo da. Gainera, Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planaren testuinguruan, BERC Donostia International Physics Center (DIPC)  ikerketa-zentroaren eraikin berriaren proiekturako zuzkidura espezifiko bat jasotzen da.

Euskal Politika Zientifikoak indartu egingo ditu talentua sortu, erakarri eta atxikitzeko programak eta bikaintasun-programak. Zientzia-politika horiek bultzatzeko, Ikerbasquek – Zientziarako Euskal Fundazioak – funtsezko tresna izaten jarraituko du, eta, beraz, honen aurrekontua 35,6 milioi eurora arte handituko da. Berritasun gisa, aurrekontuetan Euskadiko Inbertsio Estrategikoen Planaren eremuko ekintzak sartzen dira, nanoneuroteknologietan ikertzeko Basque NanoNeuro Network (B3N)  sarea eta konputazio kuantikoan ikertzeko Basque Quantum Ecosystem (BQE) sarea bultzatzearekin lotutakoak.

Bikaintasuneko azpiegitura zientifikoetan, hauei zuzenduriko partida % 98,5 handituko da, 16,8 milioi eurora iritsiz, eta berritasun gisa, Europako ikerketa-azpiegituren partzuergo handietan – ERIC – parte hartzeko politika indartuko da, bi partzuergo berri gehituz: itsas ikerketetarako EMBRC-ERIC eta irudi biomedikoko ikerketarako EuroBioimaging-ERIC.