Osasun Sailak euskararekiko eta Euskaraldia ekimenarekiko babesa adierazi du

0

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, gaur eguerdian, Euskaraldiarekin duen konpromisoa eta euskararekiko babesa adierazi ditu. Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburua, edizio honetan ere, “ahobizi” izango da, eta hura izan da Saileko ehun bat profesionalek parte hartu duten topaketaren buru.

Hori horrela, Osasun Sailean 26 “Arigune” sortuko dira; haiek euskaraz hitz egiteko espazioak dira eta, haietan, une oro bermatzen da euskaraz hitz egiteko aukera. Sailburuaren iritziz, helburua da euskara gero eta eremu gehiagotara zabaltzea eta bi hizkuntza ofizialen erabileran benetako oreka lortzea. Horretarako, taldea euskaraz hitz egiteko ekimenarekin bat egitera animatu du.

Euskaraldiak euskaraz komunikatzera animatzen ditu pertsonak, haien maila edozein dela ere, eta euskal herritar oro murgilarazi nahi du eremu guztietan: udal-mailakoak, kirolekoak, sozialak, lanekoak… Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da.

Aurreko edizioetan bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ekimenean parte hartuko du, eta haren lehen ekintza gaurko familia-argazkia izan da.