Soraluzek 5,8 milioi euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzaren eskutik Ezozibidearen hiri-berroneratze integralerako eta herritarrentzako gune estali berri bat sortzeko

0

Soraluzek 5,84 milioi euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailetik, Ezozibidea auzoaren hiri-berroneratze integrala egikaritzeko. Herriko alkate Iker Aldazabalek eta Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuorde Miguel de los Toyosek aurkeztu dute jarduketa, Patricia Borinaga alkateordearekin batera.

Proiektuaren barne sartzen da eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integrala —Ezozibideako 16.etik 34.era bitarteko atari bikoitietan— irisgarritasunari (igogailuak jartzea) eta energia-efizientziari (komunitateen autokontsumorako energia berriztagarrien erabilera baloratuko da) dagokienez. 132 etxe ingurutan eta hauen ingurunean jardutea aurreikusten da, atarietako sarbideetan eta argiterian hobekuntzak ekarriko dituen berrurbanizazio batekin; halaber, kaleak oinezkoentzat jartzea bultzatuko da.

Ekimenak bigarren zati bat du, ‘Kanoiak’ izenekoa; bertan, garai batean Sapa zegoen espazioa berreskuratuko da, industria-erabileratik herritarrek erabiltzeko eremu libre estali eta balioaniztun bat sortzera pasatzeko.

Horrela, Soraluzek bat egin du auzo kalteberen hiri-berroneratze integralerako programarekin. Dagoeneko Euskal Autonomia Erkidego osoko 21 udalerrik egin dute bat programa horrekin. Gipuzkoako udalerri honetarako funtsak Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek urte hasieran onartutako Inbertsio Estrategikoen Erakunde Arteko Planetik datoz.

Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko jarduketetarako, hurbiltasun-bulego bat zabalduko da Kalebarren kaleko 8. zenbakian (gaur egun obretan dago). Bulego hori —Opengela proiektu europarraren ereduari jarraiki— gune bat izango da non kontsultatu ahal izango diren eskuragarri dauden laguntzak eta eraberritze-jarduketak. Soraluzekoa bezalako udalekin lankidetzan gauzatzen den auzoen hiri-berroneratze integralerako programak etxebizitzetan eta ingurunean esku hartzeko alderdi bat —bizi-kalitatea eta ingurumenaren jasangarritasuna hobetzeko— barne hartzen du, baita alderdi sozial bat ere, komunitateen enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko neurriak aktibatuko baitira. Eraberritzeetarako laguntzak kostuen % 70etik % 100era bitartekoak izango dira, eta programak enplegu-eskatzaileentzat —lehentasuna emango zaie Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenei— ere aurreikusten ditu bi hilabeteko prestakuntza espezifikoa eta ikas-ekinezko heziketako beste hamar hilabeteko kontratua. Lan- eta gizarte-laguntza hori Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin batera sustatuko da, eta hurbiltasun-bulegoan bertan egingo da.