Ekonomiako sailburuak Gobernu zentralari eskatu dio Autonomia Erkidegoek kudeatu ahal izan ditzatela oraindik esleitu ezin izan diren PERTE planen baliabideak, hala nola Ibilgailu Elektrikoaren PERTE VEC planenak, Europako baliabideak laster irits daitezen ekoizpen-sarera eta ETEetara.

0

Ekonomia eta Ogasuneko sailburu Pedro Azpiazuk hasiera eman die gaur Sailaren 2023ko xehetasunak ezagutzera emateko Legebiltzarreko agerraldiei. Ekonomia eta Sailak, zehazki, 138,1 M€ izango ditu. 2022an aurkeztutako aurrekontua baino 9,5 M€ handiagoa izango da, eta, beraz, % 7,4ko igoera izango du.

Jakina, testuinguru ekonomikoak markatu du aurrekontu hauen diseinua. Ildo horretan, sailburuak ingurunearen azterketa sakona egin du, eta joan den asteko datuak (“positibotasun apur bat begiztatzea ahalbidetzen digutenak”) eskaini ditu.

Espainiako ekonomiarekin alderatuta, hiruhilekotik hiruhilekorako tasa positiboa izan da, eta urtetik urterakoa, berriz, % 3,8tan geratu da. Enpleguak, bestalde, “ongi eutsi dio”. “Asteko albisterik onena inflazioari buruzkoa izan da beharbada”, adierazi du Azpiazu. Izan ere, INEk Estaturako argitaratu duenaren arabera, urriko KPIa % 7,3koa izan da. “Bagenekien erraz eta bizkor samar jaitsi zitekeela % 6ra edo % 7ra. Izan ere, hiru edo lau puntu horiek energiak KPI orokorrari egindako ekarpenari zegozkion, eta oso osagai aldakorra denez gero, hartutako neurriak berehala nabarituko ziren –azaldu du–. Zailena % 6tik edo % 7tik % 2ra jaistea izango da, gainerako produktuen erantzunak denbora beharko baitu. Elikagaien kasuan kalkulatu denez, zortzi hilabete inguru beharko dira lehengaiak jaisten direnetik aurrera. Nolanahi ere, norabide egokian goaz”.

Ekonomia eta Ogasun Sailaren beraren zifrei dagokienez, Finantzen Euskal Instituturako 60 milioi euroko ekarpena aurreikusi da 2023rako. Zenbateko horretatik, 40 milioi euro FINKATUZ funtserako izango dira. Ekarpen horren bidez, legegintzaldi honetan 300 milioi eurora iristeko konpromisoa beteko da. Haren jarduketa nagusia, orain arte bezala, Euskadirentzat estrategikoak diren enpresetan partaidetzak eskuratzea izango da. Horren helburuaren erakusgarri, ITP enpresan eskuratutako partaidetzak aipa daitezke.

Bestalde, diruzaintza-saldoa mantentzeari lotutako finantza-gastuak ordaintzeko 7 milioi euroko partida ezabatu da, eta 16 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da COVID-19a dela eta Elkargirekin batera bultzatu zen finantza-laguntzako programan parte hartu zuten ETEei finantza-kostua diruz laguntzeko. Diru-sarrerei dagokienez, banku-gordailuen interesen kobrantzaren ondoriozko 42,5 milioi euroko partida bat aurreikusi da.

EUSTATen aurrekontua 16,1 milioi eurokoa da, eta aurten onartutako 2023-2026 Euskal Estatistika Plana egiten hasiko da 2023an. Bertan, haren indarraldian egiten diren lan eta jarduera estatistikoak jasoko dira. 2023-2026 laurtekoan, 255 eragiketa estatistiko egingo dira, hau da, aurreko planean (2019-2022) baino 26 gehiago, 34 altaren eta 8 bajaren ondorioz.

Bestalde, Lehiaren Euskal Agintaritzak 2 milioi euro inguru jasoko ditu. Lehiaren Euskal Agintaritza Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikitako administrazio-izaerako erakunde autonomo bat da, eta independentzia organiko eta funtzionalarekin egiten du bere jarduera. Lehiaren Euskal Agintaritzak merkatuko lehia- eta gardentasun-baldintzak sustatzeko, bermatzeko eta hobetzeko zehaztutako ekintzekin jarraituko du hurrengo ekitaldian, EAEko lurralde-esparruan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez, eta zehatzeko, sustatzeko, aurkaratzeko, irizpena emateko, kontsultatzeko eta arbitratzeko eskumenak baliatuko ditu.

Hitzaldiaren edukirik politikoenari dagokionez, Azpiazu sailburuak, alde batetik, autonomia-erkidegoei Estatuak esleitu ezin dituen PERTEei dagozkien zenbatekoen kudeaketaz arduratzeko aukera emateko eskatu dio Gobernu Zentralari. Adibide gisa, Ibilgailu Elektriko eta Konektatuaren PERTEa aipatu du (3.000 M€ ditu, eta 900 M€ baino ez dira esleitu). Eskaera horren helburua da kudeaketa hurbilago baten bidez Europako baliabideak produkzio-ehunera eta, bereziki, ETEetara lehenbailehen iristea.

Bestalde, aurrekontuak onartzeko gehiengo nahikoa izanik ere, Azpiazuk berriz ere agertu du akordioa lortzeko jarrera.

“Hiruhileko hau funtsezkoa izango da Euskadin egonkortasuna eta ziurtasun ekonomikoa bermatzeko funtsezkoak izango diren ekonomia- eta finantza-alderdi askotan –azaldu du–. Alde batetik, Kupoaren legea berritzeko adostutako testu bat izango dugu, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan adostua, eta, bestetik, gizarte-politikak sustatuko dituen eta inbertsio publikoa eta I+G+Bko inbertsioa indartzen jarraituko duen aurrekontu bat onartuko dugu; bi elementu horiek, nolanahi ere, enplegua sortzen duen jarduera ekonomikoaren elementu eragileak dira”.

“Zuek ere aurrekontu-esparruan adostasunak benetan lantzeko borondatea izatea espero dut, eta Gobernu honekin hitz egiteko interesa agertu duten taldeei deituko diet, datorren azaroaren 9an lehen bilera bat egin ahal izateko. Elkarrekin lasai eta asaldurarik gabe lan egiteko astia dugu”, amaitu du.