Euskadik aurreikusten du EGEF 2014-2020 Programaren laguntzaren % 85 beteko dela aurten

0

Eusko Jaurlaritzak aurreikusten du urte amaieran Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF Programa Operatiboaren % 85 beteko dela, hau da, programatutako laguntza honetan aurreikusitako 498 M€-etatik 423,3 M€ inguru. Hala jasotzen da programa hori betetzearen aurrerapenean eta Jarraipen Batzordeak gaur Donostian egindako bileran aztertutako itxiera-aurreikuspenetan.

Programaren 2022ko urriaren 31ko betetze-mailari dagokionez, 387 M€-ko zenbateko metatua ziurtatu da, hau da, programatutako EGEF laguntzen 498 M€-en % 80, gutxi gorabehera. Batetik, hasierako programaziotik (COVIDaren pandemiaren aurrekoa, indarrean dagoen bertsioan 179,1 M€-ko laguntza programatu da) 181 M€ ziurtatu dira, hots, % 101. Bestalde, programari 20. ardatzean txertatutako REACT-UE baliabide berrietatik (319 M€), 206,7 M€ ziurtatu dira, hau da, % 64,8.

Urtea amaitu baino lehen 40 M€ gehiago ziurtatzea aurreikusten da, eta, hala, programatutako EGEFen laguntzaren % 85 beteko da.

Jarraipen Batzordearen buru dira Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritza eta Ogasun eta Funtzio Publikoko Ministerioko Europako Funtsen Zuzendaritza Nagusia. Batzorde horren kide dira, halaber, Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren ordezkaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundien ordezkaritza eta zeharkako politiken arloan ardura duten Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako erakundeen ordezkaritza.

Pandemiaren ondorioak arintzeko jarduketak

Programaren egungo bertsioan barne hartzen dira, batez ere, COVIDaren pandemiaren ondorioei aurre egiteko jarduketak eta trantsizio digitalerako eta ekonomia berde eta erresiliente baterako trantsiziorako inbertsioak sustatzeko jarduketak.

2020aren amaieran Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako REACT-UE baliabide gehienak “REACT-EU 1” helburu espezifikoaren barruan erabili dira, pandemiak Euskal Autonomia Erkidegoan eragindako osasun-gastuak finantzatze aldera.

Gainera, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak indartzeko helburu espezifikoan (REACT-UE 5) hezkuntzaren eta osasunaren esparruetako azpiegiturak, instalazioak eta ekipamenduak hobetzeko inbertsioak planteatzen dira. Eta “REACT-UE 2” helburu espezifikoan, zerbitzu publikoak informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez eta e-administrazioaren bidez indartzeko eta modernizatzeko jarduketak barne hartzen dira.

Batzordean aurkeztutako dokumentazio guztiak oniritzia jaso du. Horrenbestez, programa aldatzeko proposamena Europako Batzordeko zerbitzuei igorriko zaie, eta, behin Europako Batzordeak onartu dituenean, Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 14-20 Programa Operatiboaren beste bertsio bat argitaratuko da (8. bertsioa), Europako Batzordearen erabakiaren bidez.

Hurrengo aldia

Bilera horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko EGEF 2021-2027 programaren berri ere eman da; programa hori joan den hilean aurkeztu zitzaion ofizialki Europako Batzordeari. Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako EGEF laguntza 165,7 M€-koa izango da.

Aldi horretan, EGEF funts guztiak “Europa lehiakorragoa eta adimentsuagoa” eta “Europa berdeagoa” lortzeko helburuetan metatu dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren trantsizio teknologiko-digitala eta energetiko-klimatikoa sustatu dute.