Eusko Jaurlaritzak 2023rako aurrekontua alderdi politikoekin adosteko borondate argia du

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan.

Gobernu Kontseiluaren bileran onartutako gaiak aipatu aurretik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aurrekontuen negoziazioa izan du hizapide. Oposizioko taldeekin deitutako bilerak bihar bertan hasiko dira, joan den astean sail bakoitzaren proiektuak aurkeztu ondoren.

Bingen Zupiriak nabarmendu duenez, Gobernuak aurrekontu hori beste alderdi politiko batzuekin adosteko borondate argia du. “Aurrekontu proiektu egokia prestatu dugu bizi dugun ziurgabetasun aldirako. Badakigu une ekonomikoak zailtasunak dituela, eta zikloaren aurkako proiektu bat onartu dugu, inbertsio publikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena”, adierazi du.

Inbertsioari dagokionez, zuzkidura errekorra proposatzen dela azpimarratu du, 1.800 milioi eurorekin, eta % 12ko hazkundea berrikuntzako inbertsio publikoan, bi urteren buruan Europarekin konbergentzia lortzeko helburuari eutsiz.

“Kontu publikoen kaudimenari esker, ahaleginak ekonomia suspertzera eta enplegu-aukerak sortzera bideratu ditzakegu. Bizi behar dugun egoera ekonomiko eta sozial zurrunbilotsuari aurre egiteko bidea ere bada hori”, gehitu du.

2023rako proiektua egungoa baino 1.100 milioi handiagoa da. Sailburuaren ustez oinarri sendoa da hori akordioak lortzeko. “Hortik aurrera, taldeekin hitz egiteko eta negoziatzeko aukera zabaltzen da. Gure jarrera eta borondatea argia da, aurreko hiru ekitaldietan frogatu den bezala. Jarrerak hurbiltzeko eta Euskadiko 2023 Aurrekontuei ahalik eta babes handiena emateko lan egingo dugu”, esan du.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du kredituaren gehikuntza hori, laneratzeko lanpostuei lotutako dirulaguntzen eskaerak nabarmen handitu direlako. Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 1.429.110 euro gehiago emango dizkie laneratzeko enpresei, gizarte-ekonomiako ekimen horietan enplegua sortzeko gaitasunagatik erabilgarri dauden baliabideak agortu ondoren.

Gainera, Gobernu Kontseiluak onetsi du gaurko bileran Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan berdintasun-planak garatzeko laguntzen deialdia egiten duen agindua. Horrela, Lan eta Enplegu Sailak 150.000 euro bideratuko ditu enpresek berdintasun-batzordeetako kideak prestatu eta gaitzeko eta berdintasun-planak garatzeko.

Hezkuntza sailari lotuta, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran hartu du 2022ko Euskadi Ikerkuntza Sariaren deialdia egiten duen Agindua onartzeko erabakia.Euskadi Ikerkuntza Sariak, jarduera zientifikoa sustatzeko asmoa duenak, 42.000 euroko hornikuntza du, zatiezina eta bakarra. Urtero deitzen da, baina bi urtean behingo errotazioa du, jarraian zehazten den eran: urte bikoitietan saria Zientzia eta Teknologiaren arloan ematen da, eta urte bakoitietan, aldiz, Gizarte Zientzien eta Humanitateen eremuan. 2022ko deialdia, beraz, Zientzia eta Teknologiaren arloan deituko da.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena