Krisi ekonomiko eta energetikoaren aurka talka egiteko Hitzartuz ekimena aurkeztu da Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluan. Energiari buruzko neurriek Europako RePower EU ekimenaren laguntza izango dute.

0

Jaurlaritzaren Kontseiluak Hitzartuz ekimenaren berri izan du. Lehendakariak irailaren 22ko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran aurkeztu zuen ekimen hori. Programa honen bidez, neurri-sorta bat jarriko da abian gainerako euskal erakundeekin lankidetzan, helburu hauek lortzeko: energia-faktura ordaintzeko eta oinarrizko premiak asetzeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei laguntza indartzea; familiei eta herritarrei erosteko ahalmenaren galera konpentsatzea; eta enpresa-sareari laguntzea, egoera zailean dauden enpresa bideragarriei kreditua eskuratzen lagunduz..

Hitzartuz programak 334 milioi euroko eragina izango du, 2022 eta 2023 urteen artean banatuko direnak, eta zortzi neurri barne hartzen ditu:

  1. Gizarte-larrialdietarako laguntzak % 10 handitzea inflazioaren ondorioz pertsona kalteberenek duten erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko.
  2. Gizarte-etxebizitzako parkean horniduren kostua murriztea, instalazio zentralizatuak dituzten komunitateetan.
  3. Etxebizitza sozialetarako diru sarreren muga malgutzea.
  4. Inflazioak elikagaietan duen eragina arintzeko laguntzak ematea herritarrei.
  5. Energia-efizientziarako laguntza ematea, familien energia-fakturaren igoera konpentsatzeko: autokontsumorako eta biltegiratzerako dirulaguntzak, pobrezia energetikoari aurre egitea, leihoak berritzeko laguntzak eta bonu termikoa.
  6. PFEZaren deflaktazioa ( % 2 2023rako) eta 200 euroko kenkariaren 2023rako luzapena 30.000 eurotik beherako errentetarako
  7. Kreditu-lerro berezia energian intentsiboak diren enpresentzat, ETEentzat eta autonomoentzat, Euskadiko Kontingentzia Energetikoaren Planean planteatutako neurriak indartuz: % 1eko dirulaguntzen lerroa autonomoentzat, eta energia-eraginkortasunean inbertitzeko maileguen lerroa ETE eta midcapentzat.
  8. Enpresa txiki eta ertainetan, autonomoetan eta industrialdeetan energia berriztagarriak sortuz energia aurreztea eta autokontsumoa sustatzeko laguntza-programa indartzea.: energia-auditoretzen lerroa ETEentzat eta autonomoentzat, eta enpresentzako energia-eraginkortasunera bideratutako dirulaguntzak.

Programa hori honako hauen bidez finantzatuko da: aurrekontu-baliabide propioak; energia- eta finantza-enpresei ezarritako errekargutik eratorritako aparteko funtsak; eta energia-neurriak finantzatzeko RePOWER EU ekimenaren Europako funtsak.