Lan eta Enplegu Sailak laguntza-deialdia egin du, enpresek berdintasun-planak gara ditzaten

0

Lan eta Enplegu Sailak 150.000 euro bideratuko ditu enpresek berdintasun-batzordeetako kideak prestatu eta gaitzeko eta berdintasun-planak garatzeko.

Idoia Mendia Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak onetsi du gaurko bileran Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan berdintasun-planak garatzeko laguntzen deialdia egiten duen agindua.

Urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuak, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituenak, ezartzen du berdintasun-batzordeek negoziatu behar dituztela plan horiek. Batzorde horiek modu paritarioan osatzen dituzte enpresaren eta langileen ordezkaritzak, eta azken horiek enpresa-batzordeko kideak edo, hala badagokio, langileen ordezkariak dira. Enpresa-batzorderik edo langileen ordezkaririk ez duten enpresetan, negoziazio-batzorde bat sortzea aurreikusten da. Batzorde hori enpresaren ordezkaritzak eta langileen ordezkariek osatuko dute, ordezkaritza handiena duten sindikatuek, bai orokorrean, bai enpresaren sektorean.

Lege-testuinguru berri horrek gizarte-eragileei eskatzen die epe labur eta ertainean barne-gaikuntzako prozesu oso biziak garatzea, bai eta kanpoko laguntza-baliabideak eta -egiturak izatea ere berdintasun-planak eta -neurriak diseinatzeko, abian jartzeko eta haien jarraipena eta ebaluazioa egiteko.

Horregatik, 2021eko irailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak akordio bat sinatu zuen, gizarte-eragileen gaikuntza eta prestakuntza hobetzeko zenbait neurri ezartzeko, eta, era berean, enpresetan berdintasun-planak egiteko, negoziatzeko eta adosteko arduradunen gaikuntza hobetzeko. Alderdiek honako konpromiso hauek hartu zituzten: prestakuntza eta gaikuntza sindikatu- eta enpresa-erakundeen barruan garatzea; ekintza horiek, sindikatuen kasuan, berdintasun-batzordeetan edo planaren jarraipena egiteko organo paritarioetan parte hartuko duten pertsonei zuzentzea; eta enpresa-erakundeen eremuan gaitzeko programetan sentsibilizazio- eta kontzientziazio-ekintzak sartzea, legezko betebeharren irismenari eta genero-berdintasunaren dimentsio estrategikoari buruz.