Lanbidek 1.429.110 euro gehiago emango dizkie laneratzeko enpresei (Gobernu Bilera 2022-11-8)

0

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak 1.429.110 euro gehiago emango dizkie laneratzeko enpresei, gizarte-ekonomiako ekimen horietan enplegua sortzeko gaitasunagatik erabilgarri dauden baliabideak agortu ondoren.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du kredituaren gehikuntza hori, laneratzeko lanpostuei lotutako dirulaguntzen eskaerak nabarmen handitu direlako.

2022an, laneratzeko enpresetan enplegu-sorrera handia izan da: 306 lanpostu eskatu dira, eta % 7,75eko igoera izan da 2021. urtearekin alderatuta. Goranzko joera argia da, izan ere, kalifikazio-prozesuan dauden enpresa berriak daude, eta Lanbidek beharrezkotzat jo du laneratzeko lanpostu guztiak diruz laguntzea. 2022ko deialdiko eskaerei erantzuteko, guztira, 14.235.000 euro beharko dira. Hau da, kreditua 3.015.000 eurotan handitu beharko litzateke. Zenbateko hori hainbat urtetan banatuko da, eta, hasiera batean, datozen urteetarako kreditu-gehikuntza horrekin erantzungo zaie.

Idoia Mendia Lehendakariordeak zuzentzen duen Lan eta Enplegu Sailak apustu erabakigarria egin du zailtasun bereziak dituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren bilakaera onaren parte diren sektoreetan enplegua sortzeko gizarte-ekimen horien alde. Joan den urtean inbertsiorako laguntza % 166 handitu bazen ere, 2023an beste igoera bat aurreikusi da, eta hori indartu egingo da enpresa horiek arautzen dituen dekretu berria izapidetzearekin. Aldi berean, Lanbideko Prestazioen eta Inklusioaren Zuzendaritzak laneratzeko lanpostuak sortzen eta mantentzen laguntzeko laguntzen agindua eguneratzen du. Agindu honetan, laneratzeko enpresetan prozesu bat amaitzen duten pertsonak merkatu arruntera igarotzea errazteko beste laguntza bat antolatzea aurreikusten da.