Portuen iraunkortasunari buruzko 1. Nazioarteko kongresua

0

Gaur goizean inauguratu da Euskalduna Jauregian Portuen Iraunkortasunari buruzko Nazioarteko 1. Kongresua, hilaren 8an eta 9an egingo dena, sektorean iraunkortasunaren arloan garatzen diren estrategiak eta jarduerak identifikatzeko eta esparru horretan jardunbide egokiak sustatzeko.

Gaurko jardunaldian, Osalaneko zuzendari nagusiak, Lourdes Íscarrek, portu-inguruneko enpresa osasungarriari buruzko mahai-inguruan parte hartu du, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionaleko, Lanaren Nazioarteko Erakundeko, Guggenheim Museoa Fundazioko eta Bilboko Portuko Agintaritzako ordezkariekin batera.

Bere hitzaldian, Lourdes Íscarrek honela definitu du enpresa osasungarria: bere langileen osasuna modu aktiboan eta jarraituan hobetzeaz arduratzen dena, laneko arriskuen prebentzioa bultzatuz eta enplegatuengan ohitura osasungarriak ezarriz, bai lan-ingurunean, bai lan-ingurunetik kanpo, lan osasungarriak egin ditzan, hau da, lan seguruak eta osasuntsuak – istripu-arriskua, gaixotasun profesionalak eta absentismoa gutxitzen dituztenak – eta lanari lotutako absentzia edo gutxieneko estresa sustatzen duena – horrela, gogobetetzea areagotuko du, osasunarentzat kaltegarriak diren praktikak gutxituko ditu eta autookupazioa areagotuko du –.

Ildo horretan, Osalaneko zuzendari nagusiak adierazi du arriskuen ebaluazioa dela enpresa osasungarria izateko lehen tresna. Prozedura horren helburua da langileek beren lanpostuetan dituzten arrisku-faktoreak ezagutzea, eta prebentzio-neurriak planifikatzeko eta gauzatzeko funtsezko informazio-iturria da, ingurune osasungarri batean lan osasuntsua egiteko, betiere ingurune horren segurtasun-, higiene-, ergonomia- eta psikosoziologia-alderdiak kontuan hartuta.

Horrekin batera, osasunaren zaintzaren garrantzia aipatu du, langileen osasun-egoera kolektiboa eta indibiduala laneko arriskuekiko esposizioarekin lotu ahal izateko, hautemandako arriskuak kontrolatzeko eta lana pertsonen osasun-baldintzetara eta osasunaren sustapenera egokitzeko beharrezko neurriak hartzeko, hala nola enpresaburuek, langileek eta gizarteak lantokiko pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeko egiten dituzten ahaleginak batzea.

“Eta, zehazki itsas eremuan, prebentzio-planifikazioak arreta berezia jarri beharko du sektoreko faktore espezifikoak kontuan hartuta, hala nola itsasontzian denbora luzez egotea, lankideekin bizitzea, aisialdiko eta laneko ordutegiak egokitzeko eta bereizteko zailtasuna eta guardiak edo txandak egiteko aukera”, Osalaneko zuzendari nagusiak ondorioztatu du.