Miren Goitia Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea buru dela egin da gaur goizean Erandion Segurtasun Sailak Euskaraldirako antolatutako jarduerak aurkezteko ekitaldia. Ekimenak irauten duen bitartean hizkuntza-ohiturak aldatzera, euskararen erabilera sustatzera eta “ariguneak”, hau da, euskaraz hitz egiteko guneak, sortzera animatu ditu bertaratuak.
Jarraian, Antxon Barainka Labayru Fundazioko teknikariak, Euskaraldia aurkeztu du: zer da Euskaraldia, zer da Ahobizi eta Belarriprest izatea, zer dira ariguneak, eta abar.
Aurkezpenaren ostean, Lorena Elorriaga Kudeaketa Ekonomikoaren eta Baliabide Orokorren zuzendariak, Goiatz Aizpuru Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendariak eta Olatz Arabiourrutia Telekomunikazioak eta Sistema Informatikoak Kudeatzeko zuzendariak, Aitor Lete Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariarekin, sindikatuen ordezkariekin eta Saileko langileekin batera, Euskaraldian parte hartzeko izena eman dute.
Euskaraldiaren ezaugarriak
Euskaraldia, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskal Herri osoko herri, enpresa eta administrazioetan, euskararen erabilera sustatzeko; aurten, “Hitzez ekiteko garaia” lemapean. Parte hartu ahal dute 16 urtetik gorako guztiek, Ahobizi edo Belarriprest rolen bidez. Baldintza bakarra euskara ulertzea da.
Ahobizi rola hautatzen duenak euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko da euskaraz. Ezagutzen ez dituenekin lehen hitza euskaraz egingo du, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere.
Belarriprestak euskaraz dakiten guztiei euskaraz egiteko gonbitea egingo die. Euskara ulertzen duela adieraziko die eta harekin euskaraz hitz egin dezatela eskatu. Belarriprestak euskaraz edo erdaraz erantzungo du, baina besteei euskaraz egin diezaioten eskatuko die.
Ariguneak entitate batean ohiko dinamika duten taldeak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan ere, arigune bihurtzeak euskara babestu egingo du. Entitate motaren arabera, ohiko funtzionamendua duten talde horiek askotarikoak izan daitezke (alorrak, arloak, atalak, ekipoak, zerbitzuak, taldeak…).