Garraio Sailak eta Zarauzko Udalak trenbidearen lurperatzea hirigintza- eta ekonomia-egokitzapenarekin lotu dute

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Zarauzko Udalak, Sail horrek eskatuta, udalerrian trenbidea lurperatzeko planaren egungo egoera aztertu dute. Bi erakundeek onartu dute proiektu horri etorkizunean heltzea ahalbidetuko duen hirigintza- eta ekonomia-egokitzapen bat bilatu behar dela. Bien bitartean, herrian trenbide-lan garrantzitsuei aurre egitea ahalbidetu duten administrazioen arteko lankidetza nabarmendu dute, hala nola geltoki eta geraleku berriak eraikitzea —gaur egun gauzatzen ari dira—, eta bide horretan sakontzen jarraitzeko apustua egin dute.

Azpiegitura eta Garraioko sailburuorde Pedro Marco Zarauzko alkate Xabier Txurrukarekin bildu zen joan den astean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Bilbon duen egoitzan, gaur egun herrian martxan dauden obren aurrerapausoak aztertzeko. Bileran, udalerrian zehar trenbidea lurperatzeari buruzko informazio-azterketaren egoera ere jorratu zuten. Azterketa hori ETSri eskatu zitzaion, 2009an Jaurlaritzak eta Udalak hitzarmen bat sinatu ondoren. Azterketa idazteko lanak 2015ean amaitu zituzten, esku-hartzearen aurrekontua 149 milioi eurotan ezarriz.

Denbora horretan, Zarautzen trenbidearen inguruan egindako jarduketak garrantzitsuak izan dira. 2016an beste hitzarmen bat sinatu zuten Santa Klarako trenbide-pasagunea kentzeko —lanak 2018an amaitu ziren—. 2018an bertan eta geroago 2020an, hitzarmen bana sinatu zituzten proiektua finantzatzeko, geltoki berria eraikitzeko eta lanek barne hartutako eremua berriz urbanizatzeko, hurrenez hurren. Obra horiek martxan daude eta udalerriko trenbide-pasagune guztiak kentzea eta trazadura iragazkorragoa izatea eragingo dute.

Zarautzen trenbidea lurperatzeari dagokionez, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak eta Udaleko gobernu taldeak —EAJk eta PSEk osatua— uste dute, proiektuari ekin ahal izateko, lehenik eta behin proiektu hori hirigintzara egokitu behar dela; egokitze hori jada hasi da, hiri-antolamenduko plangintza berri baterako Iritako Plan Orokorraren aldaketa puntualerako udal-proposamenaren bidez, baita aldi bereko finantzaketa nahikoa bilatzeko ere, hiri-integrazioko obra baita.

Testuinguru horretan, bi administrazioak bat etorri dira gaur egun gauzatzen ari diren eta trenbide-zerbitzua nabarmen hobetuko duen lankidetzan sakontzeko asmoan. Besteak beste, esku-hartze hauek egingo dira: geltoki berria eta San Pelaioko geralekua eraiki, trenbideko aparatuak berritu, tren-unitate berriak eta Aginagako mozketa berriz abiarazi, hala, Zarautz eta Donostia artean tren-maiztasuna 15 minutura handitzeko.