Javier Hurtado sailburuak: «Zumarraga bezalako udalerri ausartak aitzindari dituzten proiektu sendoak behar dira beren hiri-ekonomia jasangarria eraldatzeko»

0

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Barne Merkataritzako Sari Nazionalen banaketan parte hartu du gaur Zumarragan. Udalerri honek, hain zuzen, 25.000 biztanle baino gutxiagoko Udalen Sari Nazionala jaso du. Sailburuarekin batera, Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Maroto, Zumarragako alkate Mikel Serrano, sarituak eta beste agintari batzuk izan dira.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok aztergai izan du “merkataritzak bizi duen egoera zaila. Merkataritzak, lehen eta orain, hainbat erronkari aurre egiten die, besteak beste, digitalizazioari eta kontsumo-ohituren eta ordaintzeko moduen aldaketei. Gainera, gizarte deskarbonizatu eta jasangarri baterako ingurumen-trantsizioarekin batera joan behar du, zeinak balio eta bizimodu berriak eta kontsumo arduratsua ezartzen baitituen. Eta, bestetik, berriro definitu behar du zer eginkizun duen herritarren zahartzearen aurrean”.

Horregatik, gogorarazi duenez, agertoki honetan “guztiok, kontsumitzaile, merkatari eta administrazioek, elkarlanean jardun behar dugu beharrezko eraldaketa horren bidetik joan ahal izateko. Funtsezkoa da administrazioen koordinazioa laguntzen kudeaketan, Espainiako Gobernuaren bitartez Next Generation Europako Funtsekin egiten ari garen bezala, horiek garapen eta modernizaziorako aukerak eskaintzen baitizkiete gure udalerri eta eskualde askori”.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, garapen eta eraldaketa hori gerta dadin, “alkate eta udal-ordezkari ausartek gidatutako proiektu sendoak behar dira. Hori baita behar duguna. Arriskuak hartzeko eta ikuspegi zabaleko proiektuen alde apustu egiteko gai diren alkate eta udalerriak, hiri-habitat berri baterantz finko begira eta konbentzituta lankidetzarekin eta gobernantzarekin soilik gara daitezkeela gure herri eta hirientzat asmo handiko ekimenak”.

Amaitzeko, sailburuak adierazi duenez, “pertsonentzako espazio publikoa birkonkistatzearen alde apustu egiteko unea da, Zumarragan egiten ari den bezala. Administrazioek hiri-ingurune egokiak eman behar dizkiegu merkataritzari eta herritarrei. Apustu horrekin, gure merkataritza-sarea indartzen laguntzen dugu. Hiri eta herri atseginagoak, jendearen beharretara bideratuagoak, tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren eta negozioen mesederako dira argi eta garbi”.

Barne Merkataritzako Sari Nazionalak 2022

Sari Nazionalak Udalei

    • Sari Nazionala Udalei, 25.000 biztanle baino gehiagoko udalen azpikategorian: Santanderreko Udala (Kantabria)

 

    • Sari Nazionala Udalei, 25.000 biztanle baino gutxiagoko udalen azpikategorian: Zumarragako Udala (Gipuzkoa)

 

    • Ohorezko accesita: Lugoko Udala

 

Sari Nazionala Saltoki Txikiei

    • Sari Nazionala Saltoki Txikiei: Santos Ochoa, S.A. , Logroño (Errioxa)

 

    • Ohorezko accesitak: The Extreme Collection, S.L. Madrid; eta Pukas Surf, S.L. Donostia (Gipuzkoa) 

 

Sari Nazionala Merkataritza Gune Irekiei

    • Sari Nazionala Merkataritza Gune Irekiei: «Gasteiz On», Gasteizko Hiri Merkataritza Sustatzeko Elkartea (Araba)

 

    • Ohorezko accesita: APILL, Laudioko Merkatari eta Industrialari Txikien Elkartea (Araba)

 

Ohorezko aipamenak:

Sariak Udalei kategorian:

– Vigoko Udala (Pontevedra)

– Deniako Udala (Alacant)

Sariak Saltoki Txikiei kategorian:

– Los Encajeros Hijos Sucesores de Manuel Mendoza S.A. Bilbo (Bizkaia)

– Comercial de Festes i Revetlles, S.L. Palau-solità i Plegamans (Bartzelona)

– Carns Fuster, S.L. Gandía (Valentzia)

– Perfumería Benegas, S.L. Donostia (Gipuzkoa)

– Kamchatka Magic Toys, S.L Madril.

Sariak Merkataritza Gune Irekiei kategorian:

– DELA, Guardiako Enpresak Dinamizatzeko Elkartea, Guardia (Araba)

– ASCOIVE, Auzoko Enpresaburuen Elkartea, Santa Lucía de Tirajana (Las Palmas)