Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak Zuzenbidearen Euskal Akademiaren ikasturte hasierako ekitaldian parte hartu du gaur Bilbon
Zuzenbidearen iturri gisa ohiturak duen garrantzia azpimarratu du Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak gaur Bilbon, ohitura askatasun zibilaren etengabeko erabileraren ondorio baita. Olatz Garamendik zehaztu duenez, gure arbasoen ohiturei ez ezik, ohitura guztiei ere erreferentzia egiten die, eta, Nafarroan ez bezala, “oro har legearen aurkako ohiturak ez du baliorik euskal Zuzenbide Zibilean”, jurisprudentziak aspaldiko partez ezarri duen bezala.
Hala ere, Legearen aurka ezarritako ohituren adibide historiko batzuk aipatu ondoren, Euskadin baieztapen orokor hori zehaztu egin behar dela adierazi du Garamendik, askatasun zibilaren printzipioa aplikatzearen eta Legearen izaera xedatzailearen presuntzioaren ondorioz; horrela, gure herrialdean “askatasuna ohitura eta Zuzenbidea da, baita Legearen aurkakoa ere, Legea xedatzailea bada eta ez aginduzkoa”.
Horixe izan da, hain zuzen ere, Jose Angel Martinez Sanchiz Notariotzaren Kontseilu Nagusiko presidenteak emandako hitzaldiaren muina. Hitzaldi horren izenburua “Askatasun zibila eta mores maiorum’ izan da, eta askatasun zibila euskal Zuzenbide Zibilaren oinarrizko printzipio gisa eta gure adinekoen ohiturak izan ditu hizpide.
Garamendi ezezik, Akademiaren ikasturtee hasierako ekitaldian, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Iñaki Subijanak, Andres Urrutia Akademiako presidenteak eta Diego Granados Euskadiko Notarioen Elkarteko presidenteak ere parte hartu dute. Garamendi Sailburuak Eusko Jaurlaritzaren eta Akademiaren arteko lankidetza azpimarratu du, euskal Zuzenbide Zibila hedatzeko, euskara hizkuntza juridiko gisa sustatzeko eta autogobernua eta gobernantza publikoa bultzatzeko.