67 proiektu aurkeztu dira 2023an BIND 4.0 programari esker negozio berritzaile bihurtzeko

0

Mundu osoko 67 proiektu berritzaile aurkeztu dira 2023an negozio berri bihurtzeko startup-en eta trakzio-enpresa handien eskutik. Berrikuntza irekiko plataformak (BIND 4.0) ezagutarazi berri ditu Eusko Jaurlaritzak, SPRI taldearen bidez, kudeatzen duen ekimen honen zazpigarren ekitaldian 4.0 industriako zer soluziok jaso duten 70 enpresa kideen baloraziorik onena.

Finalisten artean gehien agertzen den teknologia Adimen Artifiziala da, eta, ondoren, IoT edo Big Data datoz. Bestalde, aurten BIND 4.0ko kide diren enpresek arlo teknologiko berrietan ekiteko interes berezia agertu dute, hala nola material berrietan, energia-efizientziarako soluzioetan eta Computing-ean.

Zazpigarren edizio honekin, berrikuntza irekiko plataforma industriaren digitalizazioa bultzatzeko erreferentziazko ekimen gisa sendotu da, betiere enpresa handien eta startup berritzaileen arteko lankidetzaren bidez. Arrakasta handiko eredu honetan, gaur arte, 160 startup bizkortu baino gehiago eta 240 proiektu garatu baino gehiago metatu dira, eta 7 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa lortu da.

Balorazio onena lortu duten 67 startup-en jatorriari dagokionez, horietako 22 Euskal Autonomia Erkidegokoak dira (Arabako 3, Bizkaiko 9 eta Gipuzkoako 10), 14 Estatuko gainerakokoak dira eta 31 beste nazio batzuetakoak. Nazioarteko startup-en jatorrizko herrialdeen artean, mundu osoko erreferentziazko teknologia- eta berrikuntza-hub nagusiak daude, besteak beste, Alemania, Israel, Suitza eta Erresuma Batukoak. Gainera, aurten, Europa Ekialdeko beste herrialde batzuetako finalistak ere badaude, hala nola Eslovakiakoak edo Poloniakoak.

Computing-a nabarmendu da 4.0 industrian gorabidean dagoen teknologia gisa

Balorazio onena lortu duten soluzioen artean, eta berritasun gisa, BIND 4.0ren kide diren enpresek —Mercedes-Benz, ITP Aero, Ormazabal, GH Cranes, Arteche, Iberdrola, Bridgestone, Faes Farma edo Angulas Aguinaga, besteak beste— interes berezia jarri diete industriaren erronka berriei erantzuteko teknologia emergenteak baliatzen dituzten soluzioei. Hain zuzen ere, computing teknologia (konputazio kuantikoa, besteak beste) nabarmentzen da 4.0 industriarako tresna berrien artean. Informazioaren kudeaketa automatizatzeko modu berriak aztertzea du helburu, datu-egitura eta algoritmo berriak erabiliz. BIND 4.0k garatu beharreko arlo bat da, eta, are gehiago, digitalizazioaren aroan.

BIND 4.0 plataforma Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI Taldearen bidez sortutako industria 4.0ko ekimen publiko-pribatua da, eta nazioartean erreferentziazko programa bihurtu da 2016. urtean sortu zenez geroztik. Gaur egun, industrian berritzeko bi ekimen ditu. Batetik, azelerazio eta berrikuntza irekiko programa bat, enpresa korporatibo handiekin proiektuak garatzeko startup-ei zuzendua, eta, bestetik, BIND 4.0 SME Connection, industriaren arloko enpresa txikiekin eta ertainekin lankidetzan teknologia berriak garatzekoa.