Euskadiko joko eta apustuetarako lokaletako sarrerak kontrolatzea nahitaezkoa izango da bihartik aurrera

0
Bihartik, azaroaren 16tik, aurrera, Euskadiko joko eta apustuetarako lokal guztiek onarpen-kontrol bat izan behar dute sarreran, ostalaritzako zerbitzu osagarria barne. Helburua da kontrola areagotzea eta adingabeak sartzea eragoztea, bai eta, jokoarekin patologiaren bat dutelako, gaitasunak mugatuta dituztelako edo borondatez une jakin batean bere buruari sartzea debekatu dietelako, autodebekatuen erregistroa izenekoan (Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistroan) izena emanda daudenak ere.

Eusko Jaurlaritzak bederatzi hilabeteko epea ezarri zuen, Jokoaren Erregelamendu berria indarrean sartu zenetik (2022ko otsailaren 16) zenbatzen hasita, establezimenduak, onarpen-kontroleko lanei begira, fisikoki eta teknikoki egokitzeko. Era horretara, bihartik aurrera, joko eta apustuetarako lokalek sistema informatiko bat izan behar dute Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistrora konektatu ahal izateko.

Lokal horietan sartu nahi duten pertsonek Nortasun Agiri Nazionala edo kidekoa aurkeztu beharko dute kontrol- eta onarpen-lanak egiten dituen arduradunaren aurrean identifikatzeko. Bezeroaren datuak digitalizatuta dituzten joko-aretoek automatikoki egingo dute egiaztapena identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemen bidez. Helburu horrekin jasotako datuak izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko araudiari lotuta egongo dira.

Zaintza eta kontroleko langileak

Joko-aretoetako sarrerak zaintzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko diren langileek datorren urteko, 2023ko, urria baino lehen eskuratu beharko dute zeregin horiek betetzeko Eusko Jaurlaritzaren gaikuntza profesionala. Dohainik eskuratu ahal izango dute, eta KZgune sareko edozein lokaletan eskura dezakete. Horrez gainera, lan egiten duten establezimenduetan erabiltzen diren identifikazio eta egiaztapen elektronikoko sistemei eta sistema informatikoei buruzko formakuntza ere jaso behar zuten.

Jokorako Sarrera Debekatuen Erregistroa

Pertsona bat erregistro horretan sartzen den unean, ezingo da Euskadiko joko-establezimendu bakar batean sartu, gutxienez 6 hilabete igaro ondoren izen-ematea bertan behera uztea eskatu ezean. Horrez gainera, Jaurlaritza Estatu osoko erregistroen arteko elkarreragingarritasuna lantzen ari da, autonomia-erkidego batean erregistratuta dagoen pertsona batek ez dezan beste autonomia-erkidego bateko lokal batean sartzerik izan.