IKERTALENT programak 1,8 milioi euro ditu etorkizuneko profesionalak nekazaritzako elikagaien sektorean garapen teknologiko- eta berrikuntza-arloan prestatzeko beketarako (Gobernu Bilera 2022-11-15)

0

IKERTALENT prestakuntza-programaren deialdia egiteko eta oinarriak ezartzeko Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du Eusko Jaurlaritzak. Programak 2022rako 1,8 milioi euro baino gehiago izango ditu eskuragarri. Zenbateko horri esker, hamabi beka finantzatuko dira prestakuntza jasotzen duten ikertzaile gazteentzat (doktoratu aurrekoak) eta beste hamar beka Euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan teknologoak prestatzeko.

Lehenengo bekak 2007an eman ziren, eta geroztik guztira 284 beka eman dira (131 ikertzaile gazteei eta 153 gazte teknologoei). Hortaz, ikus daiteke etorkizuneko profesionalak laguntzea garrantzitsua dela Eusko Jaurlaritzarentzat; izan ere, horrek nekazaritzako elikagaien industriaren balio»kate osoan I+G+b jarduera sustatzen du.

Onuradunak

Laguntza eskatzen dutenek proiektu jakin bakoitzerako zehazten diren titulazioetako bat izan beharko dute, eta eskaerarekin batera ziurtagiri akademiko osoa entregatu beharko dute; bertan kalifikazio guztiak jasoko dira, bai eta kalifikazio horiek noiz lortu dituzten ere. Halaber, Curriculum vitae-a aurkeztu beharko dute, adierazitako merituak egiaztatzen dituzten ziurtagiriekin eta/edo egiaztagiriekin.

Eusko Jaurlaritzak ezarritako lehentasunen arabera, proiektu-proposamenak honako gai hauei buruzkoak izango dira:

– Nekazaritza eta akuikultura ekologikoa

– Proteina-iturri berria

– Bioekonomia

– Digitalizazioa eta teknologia berriak

– Baso-kudeaketa

– Arrantzaren kudeaketa eta itsasoko ekosistemak

– Nutrizioa, elikadura osasungarria eta jasangarria

– Animalia-osasuna

– Ingurumen-arloko jasangarritasuna

– Produkzio-sistema jasangarriak eta osasungarriak

Iraupena eta zuzkidura

Ikertzaileak prestatzeko laguntzak lau urte jarraituko iraupena izango dute eta baldintzak doktorego aurreko kontratuarenak izango dira; langile teknologoak prestatzeko laguntzek, berriz, 24 hilabeteko iraupena izango dute gehienez ere.

Laguntza hauek finantzatzeko gehienezko aurrekontu orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 1.814.600,00 eurokoa da.

Prestakuntza bidean dauden ikertzaileek honako diru-kopuru hau jasoko dute: 19.000 euro lehenengo urtean, 20.000 euro bigarrenean, 22.000 euro hirugarrenean eta 28.000 euro laugarrenean.

Langile teknologiak prestatzeko laguntzen kasuan, onuradunek urtean 14.000 euro jasoko dituzte.

Bi kasuetan prestakuntza-prozesutik eratorritako gastuak ordaintzera bideratutako laguntza osagarria jaso dezakete. Gastu horien artean honako hauek jasotzen dira: unibertsitate-ikastaroetan matrikulatzea, kongresu zientifikoetan, mintegietan, ikastaroetan eta lan-jardunaldietan parte hartzea, beste ikerketa- eta teknologia-zentro batzuetan egonaldiak egitea, material bibliografikoa edo doktorego-tesia aurkezteari lotutako gastuak. Kontzeptu horretarako onetsitako kopurua 8.000 eurokoa da; ikerlarien kasuan prestakuntza-urte bakoitzeko 2.000 euro izango dira, eta langile teknologoen kasuan, berriz, 1.000 euro.

Aurkezteko epea

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Eskaerak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartu behar da: https://www.euskadi.eus/servicios/1029109.  Deialdia gehienez ere sei hilabeteko epean ebatziko da.