Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak Loiolako kuartelen salerosketa egiteko akordioa itxi dute

0

Donostiako Udalak eta Defentsa Ministerioak akordioa lortu dute egun Loiolako Ejerzitoaren Kuartelen lursailaren salerosketa egiteko. Eneko Goia alkateak akordioaren berri eman du gaur. Bertan, zehazten da Udalak 73 milioi euro gainditzen dituen prezioagatik erosiko duela lursaila, eta Ministerioak konpromisoa hartu du instalazioak lau urteko epean uzteko.

Alkateak esan du, honezkero Udala eremu berriaren diseinuan lanean ari dela, eta bertan egin daitekeen etxebizitza garapenean gutxi gorabehera 1.500 – 1.700 etxebizitza egiteko aukera egongo litzatekeela, baita ekipamendu publiko berriak ere. Era berean, auzoan Urumea ibaiaren integrazioa nola egin aztertzen ari da eremuari kalitatea bermatzeko.

Akordioaren arabera, Donostiako Udalak erosiko ditu, Loiolako Kuartelak kokatzen den lursaila, ondoan dauden beste bi instalazio militar, eta Ulian Defentsako Ministerioarenak diren hainbat landa-eremu, osotara 6 hektareako azalerarekin.

Guztira, salerosketaren objektu den Loiolako eremuak 175.000 m inguru (17,5 Ha) ditu, baina azalera guztia ezin da urbanizatu. Behin balorazio teknikoa eginda eta aurreikusten diren hirigintza-aprobetxamenduak ikusita, salerosketa 73.323.373,38 eurotan finkatu da.

Giltzarria hiriarentzat

Loiolako Kuartelaren lursaila erosteak Udalari hirian barneratuta egongo dren kalitate handiko eremua garatzeko aukera emango dio, Urumeako ibarrak azken urteetan izaten ari den hazkundeari lotuta. Udalaren lehen kalkuluen arabera, auzo berrian 1.500 eta 1.700 etxebizitza artean eraiki ahal izango dira. Dena dela, zifra hori aldatu daiteke tramitazioak irauten duen bitartean.

Akordio historikoa Donostiarentzat

Eneko Goiaren iritziz, akordioa historikoa da, izan ere, hiriaren garapenerako giltzarri izango da, duela ehun urte Defentsa Ministerioari Urgul Mendiaren militar-eremuaren edo San Telmo kuartelaren erosketak izan ziren moduan. Halaber, azpimarratu du, Loiolako eremu berriak – garapena egin arte oraindik hainbat urte igaroko dira – ahalbidetuko du hiria hedatzen jarraitzea Urumea ibaiaren inguruan.

Azkenik, Goiak nabarmendu du akordioa egitea posible izan dela EAJ-PNVk Kongresuan Espainiako Gobernuaren Estatuko Aurrekontu Orokorra onartzeko egindako negoziazioei esker.

2022/11/15-an argitaratua