Donostiako merkataritzako sariek 9 establezimenduren lana aitortu dute

0

Donostiako Merkataritzako Sarien VI. edizio egin da Maria Cristina hotelean, eta tokiko saltokiek beren egunerokoan egiten duten lana aitortu du. Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Eusko Jaurlaritzaren eta Donostia Shopsen laguntzarekin antolatu ditu sari hauek.

Hauek izan dira edizio honetako saridunak: Almacenes Ferrer, Coro Sotero arrandegia, Almacenes La Bretxa, Izko ile-apaindegi ekologikoa, Origen, Drunkat, Lauter Craft Beer, Paname lore-estudioa eta Parkean Arte.

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburua Javier Hurtadok tokiko merkataritzaren eta espazio publikoen garrantzia nabarmendu du,” ziurgabetasuna eta kontsumo-ohiturak aldatu direlako. Euskal merkataritzak bere indarrak trinkotzen jarraitu behar du, eta administrazioek merkataritza-hirigintzarekin duten harremana sendotu behar dugu. Ez naiz inoiz nekatzen errepikatzeaz, pertsonentzat espazio publikoa birkonkistatzeak duen garrantzia, merkataritzarentzat eta ostalaritzarentzat onurak ere ekartzen baititu. Datuek erakusten dutenez, jasangarritasun-neurriek eta hiriguneak oinezkoentzako bihurtzeak kontsumitzaileentzat balio dute, eta horrek ingurua aberastea eta haren errentagarritasuna handitzea dakar. Funtsean, kontua giza merkataritza baterako giza espazioak sortzea da. Trantsizio-garaia bizi dugu, eta ausartak izan behar dugu, horrelako neurrien alde egin behar dugu, guztiok irabazten dugulako, merkatariek, kontsumitzaileek eta bizilagunek”.

Ekonomia Bultzatzeko eta Merkataritzako zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi dunez: «Donostiako saltoki txikiak hirirako sektore estrategiko izaten jarraituko dute. Atzean uzten ari gara herritarren eta saltokien egunerokotasuna baldintzatu duten une zailak. Aitortu egin behar dizuegu lanean beti erne eta tinko jarraitzeko egindako ahalegina, aberastasuna, enplegua eta hiri-marka sortuz. Donostiaren bereizgarria izan da beti bertako saltokien kalitatea, eta ospe hori zuei zor dizuegu. Egunero saltokia zabaltzen duzue, Donostiako ekonomiaren zutabe garrantzitsu hau sendotzeko. Eta hori da gaur aitortu nahi dudan lana: hemengo, hurbileko, auzoko eta betiko saltokiena. Beti izango duzue nire eta Udal osoaren babesa, ez baitugu ulertzen Donostiaren bizitza bere saltokiak gabe».

Sarien deialdian tokiko saltokien lanari balioa eman nahi izan zaio lau modalitatetan, honako sari hauekin:

MERKATARITZA-IBILBIDEA:

Historia eta ibilbide sendoa duten saltokiak, hirian erreferente direnak. Merkataritza-behar eta -joera berrietara egokitu diren establezimenduak. Hiriarekin lotura handia dutenak.

 ALMACENES FERRER Azpeitia, 6

1927an sortu zen ehun-denda. Lau belaunaldik zuzendu dute jada, eta beti egin du tokiko hornitzaileekiko apustua.  Amara auzoko saltoki historikoenetako bat da, eta lanerako grina bere nortasun-ikurra da.

CORO SOTERO ARRANDEGIA Urbieta, 9

 Coro Sotero arrandegian (San Martin merkatuan dago) odolean daramate itsas mundua. 1943an sortu zuten eta, gaur egun, laugarren belaunaldiak zuzentzen du negozioa.  Aholku bat ematen dute beti: «Goiz bazoaz, askoz hobeto, harribitxirik onenak aukeratu ahal izango dituzu eta».

ALMACENES LA BRETXA San Juan, 5

1933an sortutako familia-denda, emakume eta gizonen arropan, laneko arropan eta lentzerian espezializatua. Une honetan laugarren belaunaldiak zuzentzen badu ere, betiko saltoki bat da.  Baserritar-jantzien erreferente bat da.

SALTOKI JASANGARRIA:

Ingurumen- eta jasangarritasun-irizpideen arabera lan egiten duten saltokiak. Hondakinen kudeaketa; jarduerak sortutako hondakinak behar bezala aprobetxatzeko eta birziklatzeko sistema bat ezartzea.

IZKO ILE-APAINDEGI EKOLOGIKOA Illumbe,3

 1985ean sortu zenetik, Izko ile-apaindegi ekologikoan argi zuten ez zutela produktu kimikoez abusatu nahi, eta kosmetika biologikoa erabiltzen dute beti. Etengabe eguneratzen dituzte teknikak eta zerbitzuak, ingurumenaren alde.

ORIGEN José María Sert plaza, 9

Esentziarako bidea. Origenen saltoki jasangarri bat izan nahi dute. Solteko produktuaren aldeko apustua egiten dute, plastikozko ontziak berrerabiliz eta produktu ekologiko baten alde eginez, eta 0 kilometrokoa lehenetsiz.

SALTOKI BERRITZAILEA:

Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten duten eta merkatuarekiko edo egungo gizartearekiko balio bereizgarria ematen duten saltokiak.

 DRUNKAT Karmengo Andre Mariaren kalea, 7

 Musika, esperientzia, onlinekoa eta offlinekoa uztartzen dituzte bi dendatan, eta beti daude berritzen. Software propio bat eta webgune oso moderno bat dituzte, eta audio profesionala eta musika-tresnak prezio oso lehiakorretan saltzen dituzte.

LAUTER CRAFT BEER Zurriola, 36

 Zurriola pasealekuan dago ontziratu gabeko artisau-garagardoa saltzen duen establezimendu hau.  Formatu berritzailea du, eta 18 txorrota ditu garagardoa ontziratu eta eramateko. Tokiko artisau-garagardo ugari, gustu guztietarako.

SALTOKI SORTU BERRIA:

5 urteko edo gutxiagoko antzinatasuna duten saltokiak, hastapenak arrakastaz gainditu dituztenak eta hazteko potentzial ona dutenak.

 PANAME LORE-ESTUDIOA Etxaide, 5

 Orain dela urtebete eskas ireki zuten, pandemian bete-betean, eta, lan onari esker, Euskadi osoko enkarguak dituzte. Atzerrian urte asko eman eta gero Donostiara itzultzea erabaki zuten Davidek eta Víctorrek, eta, orain, haien lanak saria jaso du.

PARKEAN ARTE Parke, 1

 Bost urteko eskarmentuarekin, Laidak eta Idoiak, zeramika eta bitxigintza uztartuta (bi diziplina horiek ez daude beste ezein saltokitan elkartuta), Parkean Arte sortu zuten. Gainera, tokiko beste artista batzuk sustatzen dituzte beren establezimenduan.

 MERKATARITZA-DATUAK

Donostiako Sustapenak egindako Hiri Ekonomiaren Barometroaren (2021) azken txostenaren arabera, hiriak 3.521 establezimendu ditu. Horietatik 2.512 txikizkako saltokiak dira (hiriko establezimenduen % 13,7). Sektore horren balio gordin erantsia hiriaren guztizkoaren % 10 da. Enpleguari dagokionez, guztizkoaren %9 da, merkataritzako 8.658 enplegurekin. COVIDak eragindako krisiaren ondoren, Donostiako merkataritzaren sektorea joera-aldaketa bat ikusten ari da; horren isla da saltoki berriak ireki direla.