EPIC, Airbus A320 hegazkinaren 50 pieza baino gehiago fabrikatzen dituen Eibarko galdategia

0
PRUEBA

EPIC Eibarko enpresa bat da, zehaztasunezko galdaketaren sektorean diharduena eta nagusiki sektore aeronautikorako produktuak fabrikatzen dituena. Bere produktuen kalitate handiari esker, Airbus A320 hegazkinaren 50 pieza baino gehiago fabrikatzen ditu, eta Europako abiazio-programa ia guztietan daude bere piezak. Bestalde, I+G-ko unitate espezifiko bat dauka, zeinetara bideratzen duen bere fakturazioaren % 10. Konpainiak SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programako laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Enpresa hau galdategi bezala jaio zen 1985ean Eibarko Alfa talde historikoaren barnean, aluminioz eta nikelezko aleazioz eginiko piezak fabrikatzeko aeronautika sektorerako. Altzairuzko piezak ere ekoizten hasi zen beste sektore batzuetarako, esaterako, automobilgintzarako.

Enpresaren mugarri garrantzitsuena 2018an iritsi zen, likidazioan sartu zenean eta inbertitzaileen talde familiar batek erosi ondoren Eibar Precision Casting (EIPC) bihurtu zenean. “Eibarko lantegian fabrikatzen ditugu aeronautika sektorerako piezak, eta gainerako sektoreetarako pieza gehienak, berriz, Txinan. Baina pieza guzti-guztiak kontrolatzen ditugu Eibarko instalazioetan. Gainera, 2020an erosi egin genuen Txinan dugun hornitzaile nagusia, kontrol handiagoa izateko gure hornikuntza-katean” azaldu dute EPICeko zuzendari nagusi Gonzalo Orbeak eta I+G-ko zuzendari Pedro Rodríguezek.

EPIC argizari galdu edo mikro-fusio bidezko galdategi bat da, hots, zehaztasunezko galdategia. “Metalezko piezaren argizarizko erreplika bat egiten dugu, eta gero molde bat fabrikatzen dugu argizariaren gainean estaldura zeramikozko geruzak aplikatuz behin eta berriro. Argizaria atera ondoren molde zeramiko huts bat geratzen da, eta hortxe isurtzen dugu metala. Gure galdaketa-prozesuaren berezitasun nagusia da molde zeramikoa berotu egiten dugula metala isuri baino lehen, horrela hobeto iristen delako txoko guztietara, eta horrek gaitasuna ematen digu geometria oso konplexuak eta lodiera oso finak lortzeko. Hala, aukera dugu piezaren pisua murrizteko, eta aeronautika sektorean asko baloratzen da hori. Bestalde, askatasun handia ematen dio gure bezeroaren diseinatzaileari, amaierako diseinutik oso hurbil dagoen galdaketako pieza bat eskuratu dezakeelako”.

Espainian horrelako hiru galdategi daude, “eta bik bakarrik egiten ditugu aeronautikarako piezak”. Konpainiak 50 pieza baino gehiago fabrikatzen ditu Airbus A320 hegazkinerako. “Airbus A320 batean sartzen bazara, lasai asko esan dezakezu badituela Eibarren fabrikatutako 50 pieza baino gehiago”.

Kalitate eta konplexutasun handiko produktua eskaintzen dute. Pieza bakoitza fabrikatzeko bi hilabete baino gehiago behar dira batez beste.

EIPCek fabrikatzen dituen produktuetatik aipatzekoak dira hegazkinaren kontrol-sistemen parte diren osagai elektroniko eta elektro-optikoentzako kutxak, erregai- eta aire-konduktuetarako hodiak, aire girotuaren sistemetarako balbulak eta motorrak osatzen dituzten piezak. “Piezak hiru material desberdinekin egiten ditugu: aluminioa, altzairuak eta hutseko labean iragazitako super-aleazioak”.

Bezero nagusiak

Bere bezero nagusiak abiazio sektoreko konpainia liderrak dira, hala nola Airbus, Safran, Liebherr Aerospace eta ITP, eta enpresako ordezkariek harro diote zuzenean saltzen dizkietela piezak konpainia horiei. “Bezeroen exijentzia-mailak hobekuntzak bakarrik ekar ditzake”.

Negozioak badu beste zutabe bat, automobilgintza, itsas, burdinbide, igogailu, balbulagintza, makineria, eraikuntza eta beste sektore batzuetarako piezak alegia. “Altzairuzko piezak dira, sinpleagoak, serie luzeagoetan fabrikatzen direnak eta askotariko erabilpenak dituztenak. Adibidez, autoen motorretarako sentsore bat, itsasontzietarako ur eta olio bereizgailuak…”.

Konpainiak 12,5 milioi euroko fakturazioa izan du aurten, eta 90 pertsona inguruko plantilla dauka. I+G-a funtsezkoa denez euren negozioan, badute arlo horretako unitate espezifiko bat, eta fakturazioaren % 10 bideratzen dute ikerketa eta garapenera. “Oso aktiboak gara SPRIk eskaintzen dituen programetan, eta asko kolaboratzen dugu zientzia eta teknologiaren euskal sarearekin”.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programaren laguntzarekin sarea segmentatu dute eta firewall-ak instalatu dituzte segurtasun sistemetan. Proiektua amaiera-fasean dago jadanik.

“Etorkizuneko erronkak dira egungo hazkunde-kuotei eustea eta datozen urteetan % 10eko hazkunde sostengatua lortzea, dibertsifikazioa mantenduz. Ez dugu egon nahi bezero edo sektore bakar baten menpe”. Gainera, hobekuntza teknologikoak egiten jarraitzen dute “pieza konplexuagoak sortuz lehia gutxiago izateko, eta materialak, produkzio prozesua edo digitalizazioa hobetuz. Asmoa da Champions mailan egotea Europako mikro-fusioen sektorean, horixe baita gure bezeroek eskatzen digutena”.

EIPCen beste helburu bat da enpresako kultura berri bat sortzea, zeinetan langileek parte-hartze eta inplikazio handiagoak izango dituzten. “Nabaritzen da enpresak erro sakonak dituela Eibarko jendearen artean. Lantaldearen konpromisoa erabatekoa da, eta horixe da gure indarguneetako bat”.