Euskadiko Lanbide Heziketak Europako Itun Berdea izan nahi du bide-orrien artean, klima-aldaketari, berotze globalari, ingurumen-kutsadurari, planetaren eta pertsonen osasunari eta itsaso eta ozeanoen berreskurapenari aurre egiten laguntzeko

0

Jokin Bildarratz Hezkuntzako sailburua, Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea lagun zuela, Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren (LHEK) osoko bilkuraren buru izan da gaur goizean. Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan burutu den bileran Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana onartu da. Plan berri honek Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketaren arloan datozen urteetan gauzatuko dituen politikak zehaztuko ditu.

LHEK erakunde-arteko organismoa da, eta gure herritarren Lanbide Heziketan parte hartzen duten gizarte-eragileak biltzen ditu. Bertan ordezkatuta daude Eusko Jaurlaritzako hainbat sail (Hezkuntza; Lana eta Enplegua; Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumena), Foru Aldundiak, enpresaburuen elkarteen eta sindikatuen ordezkariak,  bai eta ikastetxe publiko zein pribatuetako ordezkariak ere.

Osoko bilkuran, Bildarratz sailburuak eskerrak eman dizkie kontseiluko kide diren erakunde eta organismo guztiei Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana adosteko egin duten lanagatik eta egin dituzten ekarpenengatik. Sailburuak adierazi duenez, plan horrek oso ikuspegi argia ematen du datozen urteetarako Lanbide Heziketarako: “Giza garapen iraunkor eta inklusibo baterantz aurrera egitea, pertsonen talentua bultzatuz, ikaskuntza-eredu aurreratuak txertatuz, produkzio-ingurune berri batetik eratorritako erronkei erantzungo dietenak, teknologia digital eta adimentsu gehiagorekin. Horrekin batera, Euskadiko Lanbide Heziketa eraldaketa eta berrikuntzako eragile gisa sendotzea, pertsonei enplegagarritasuna hobetzen eta euskal enpresei lehiakortasun handiagorako bidean lagunduz, garapen iraunkorra sustatuz eta bultzatuz, Basque Country 2030 Agendaren ildotik”.

Horretarako, 6. Planak funtsezko 4 dimentsio bultzatuko ditu:

  • Pertsonei begirako dimentsioa
  • Dimentsio teknologikoa
  • Planeta zaintzera bideratutako dimentsioa
  • Sistema osoa hartzen duen dimentsioa

Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren helburu orokorrak honako hauek dira:

  1. Lanbide Heziketako Euskal Sisteman beste eraldaketa bat bultzatzea, eredu berritu, aurreratu eta disruptibo baten bidez, Laugarren Industria Iraultzaren aurrerapenak eta garapenak planteatzen dituzten erronkei erantzun ahal izateko.
  2. Lanbide Heziketa ikasten duten pertsonen gaitasunak indartzea, kualifikazio-maila handia lor dezaten eta gure produkzio-ehunak behar dituen talentudun profesionalak izan daitezen.
  3. Genero-berdintasuna sustatzea Lanbide-heziketara sartzen diren ikasleen artean, edozein lanbide-arlotakokoak izanda ere.
  4. Eraldaketa digitala sustatzea eta hedatzea Lanbide Heziketako sistema osoan.
  5. Lanbide Heziketako ikastetxeen artean lankidetza-sareak indartzea, sareko nodo adimendunak ezarriz.
  6. Lanbide Heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza sustatzea, sareko lana erraztuz, prestakuntza malgua garatuz, berrikuntza eta adimen aplikatuak bultzatuz eta eraldaketa digitalerantz aurrera eginez.
  7. Azpiegituren egokitzapena eta modernizazioa erraztea, bai eta Lanbide Heziketako ikastetxeen antolamenduarena ere; era honetan, 5.0 erakunde adimendun bihurtzeko, bizkorrak izateko eta erreakzionatzeko, aurrea hartzeko eta hausteko beharrezkoak diren gaitasunak bermatuak izango dituzte.
  8. Teknologia digitalen erabilera arduratsua sustatzea, balizko arrakalak saihesteko, gizarte-kohesioa indartzeko helburuarekin.
  9. Garapen iraunkorraren alde egitea, Basque Country 2030 Agendaren ildotik.
  10. Pertsonen beharretara egokitutako Lanbide Heziketa inklusiboa bermatzea, garapen pertsonal eta profesional ona ahalbidetuko dien beharrezko lanbide-kualifikazioa lor dezaten ikasleek.
  11. Pertsonek plan honetan adierazitako trantsizio hirukoitzari (trantsizio teknologiko-digitala, trantsizio energetiko-klimatikoa eta trantsizio sozial-sanitarioa) erantzuteko beharrezkoak diren konpetentzia eta kualifikazio profesionalak ezartzea eta bultzatzea.

Horretarako, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planak 15 esku-hartze arlo, 55 jarduera-ildo eta 297 ekintza zehatz biltzen ditu. Horiek burutzeko, 513 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du datozen hiru urteetarako.

Pertsonak prestatzea

Plan berrian ezartzen diren helburuei dagokienez, Lanbide Heziketak aurrean dituen aukera eta erronkez hitz egin du Bildarratz sailburuak bileran, bereziki, bizi dugun eraldaketa azkarrak eraginda, egungo gizartea murgilduta dagoen iraultza teknologikoaren eraginagatik, eta egungo gizartea eredu ekonomiko eta sozial erabat desberdinerantz doalako, teknologian, digitalizazioan eta sistema adimendunetan oinarritutako eredurantz. “Datozen 20 urteetan, aldaketa disruptiboen lekuko izango gara, orain arte ezagutu dugunarekin zerikusirik izango ez duen mundua eratuko baitute. Disrupzioa, konplexutasuna eta ziurgabetasuna lagun izango ditugu”, adierazi du.

Sailburuaren hitzetan, erronka honen aurrean, “jakitun izan behar dugu aurrerapena, inoiz baino gehiago, pertsonek egiten dutela. Izan ere, ezagutza, sormena eta talentua pertsonengan daude, eta huek izango dira –pertsonak- maila guztietan beharrezkoak diren aldaketak gidatuko dituztenak. Mundu jasangarrian eta sistema adimendunetan bilakaera teknologiko azkarra izateko, gizatasun maila handia eta beste era batera prestatutako pertsonak beharko dira”. Horregatik, Euskadiko Lanbide Heziketak pertsonak prestatzeko eta horiei laguntzeko erronka handia du, “eraldaketa horretara egokitu daitezen eta errealitate berriak eskatzen dituen gaitasunak gara ditzaten”. Hori izango da, beraz, Lanbide Heziketako VI. Euskal Planaren jarduera-ardatz nagusietako bat.

Ildo horretan, digitalizazioak eta adimen artifizialak duten potentzial ikaragarriaren aurrean, Planak prestakuntza humanista ere azpimarratzen du, gizakia ardatz hartuko duena. “Robot batek, adimen artifizialeko sistema aditu batek edo automatismo batek prozesu jakin batean pertsona bat ordezkatzen duen bakoitzean, teknologiaren eta gizateriaren arteko harremanen agertoki berri bat sortzen da, eta hor pertsonen talentuak garrantzi handiagoa izango du”.

Baina zeregin horretan, beharrezkoa da, era berean, Lanbide Heziketa eta ikastetxeak ere eraldatzea. Bildarratzek azaldu duenez, “ikastetxe mota berri bat behar da, begirada etorkizunean jarria izango duena, antolatua eta erakunde adimendun gisa kudeatua, jarduteko eta lan egiteko beste modu batekin, ezagutza sortuz eta partekatuz eta lankidetza-sareetan parte hartuz arituko dena, giza garapen iraunkorrerantz aurrera egiteko helburu lehenetsita”.

Inpaktua enpleguan

Jokin Bildarratzek, era berean, 4. Industria Iraultzak lanean eta enpleguan izango duen eragin zuzena ere izan du hizpide, gai honi ere heltzen baitio 6. Planak. “Eraldatuko diren lanak zeintzuk izango diren, zein lan desagertuko diren eta zein lan berri sortuko diren zehazten ari gara. Beraz, ordezkatutako zereginez hitz egin behar dugu, lan osagarriez, okupazio aldatuez eta lan berriez. Etorkizunean, lan aukerak gaur egungoengandik oso bestelako ingurune batzuetan sortuko direla sumatzen dugu, eraldaketagatik edo sorkuntza berriagatik”. Egoera horren aurrean, sailburuak gogorarazi du Euskadiko Lanbide Heziketak etekin handiko prestakuntzaren aldeko apustua egiten duela. “Horrek aukera ematen die Lanbide Heziketako ikasleei gure produkzio-sarearen behar berrietara egokitzeko eta, kasu askotan, behar horiei aurrea hartzeko. Baina dagoeneko ez da nahikoa gaitasun-maila ona eskuratzea. Aurrerantzean beharrezkoa izango den profesionaltasunak konpetentzia profesionala talentu pertsonal eta profesional bihurtzea eskatuko du”.

Premia horiei dagokienez, enpresek behar duten profesionaltasuna eta talentua lortzeko prestakuntza-ibilbide garrantzitsuenetako bat, Bildarratzek adierazi duenez, Goi Mailako Lanbide Heziketa eta Unibertsitate-graduak uztartzen dituena da. “Bi hezkuntza-maila desberdinen arteko harremana, baina bat eginik, pertsonek eta enpresek behar dituzten premia berriei bermez erantzuteko beharrezko prestakuntza garatu eta lor dezaketena, konplexutasun handiagoko eta kualifikazio-maila handiko lanbide-profil berriak definituz”.

Gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeari dagokionez, Bildarratzek adierazi du “gai hau ez dela atzean geratu behar”, eta gaineratu duenez, “gure ikastetxeetan agertzen hasi den Lanbide Heziketa berriak berdintasuna sustatu behar du eta pertsona kalteberak gizarteratzen lagundu behar du, Lanbide Heziketak erantzuna ematen dien sektore guztietan”.

Azkenik, azpimarratu du Euskadiko Lanbide Heziketak klima-aldaketaren, berotze globalaren eta ingurumen-kutsaduraren arazoei, planetaren eta pertsonen osasunaren hobekuntzari eta itsaso eta ozeanoen berreskurapenari lotutako erronkei erantzuten lagundu nahi duela, horretarako Europako Itun Berdea eta 2030 Agenda ibilbide-orri direla.