Eusko Jaurlaritzak 4,5 milioi eurotan handitu ditu gizarte-larrialdietarako laguntzetarako funtsak 2022an; funts horiek, guztira, 49.500.000 eurora iritsiko dira

0
PRUEBA

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuarekin batera.

Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman du Eusko Jaurlaritzak Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara (GLL) bideratutako funtsak 4,5 milioi eurotan handitzea onartu duela gaur Gobernu Kontseiluan; guztira 49.500.000 euro bideratuko dira bertara. Iñigo Urkullu lehendakariak joan den irailaren 22ko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran iragarri zuen bezala, Hitzartuz programa berriak % 10 handituko ditu GLLetara ekitaldi honetarako bideratutako zenbatekoak, euskal biztanleen erosteko ahalmenaren galera arintzeko asmoz.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2022rako Aurrekontu Orokorretan hasieran aurreikusitako zenbatekoa pixkanaka handitu egin da, hiru krisi globali aurre egiteko. Krisi horien ondorioz, larrialdiko egoera ekonomikoak areagotu eta lehendik zeuden egoerak larriagotu egin dira. Hala, hasierako 27.000.000 euroei beste 10.000.000 euro gehitu zitzaizkien COVID-19aren pandemiak izan zuen eragin ekonomikoari aurre egiteko. Beste 3.500.000 euro gehitu ziren —Isuri Funtsetik zetozenak— Ukrainako gerraren ondoriozko beharrei erantzuteko. Gaur onartutako laguntza berriaren ondorioz 4,5 milioi euro gehitu zaizkio zenbateko orokorrari, modu horretan inflazioari eta energia-fakturaren garestitzeari aurre egiteko. Eta, aldi berean, beste 4,5 milioi euro bideratuko dira ezarritakotik gorako baliabide propioak jartzen dituzten udalei konpentsatzeko.

2022ko ekitaldian GLLetara bideratutako guztizko zenbatekoa, beraz, 49,5 milioi eurora iristen da gaur egun.

IRULEGI

Atzo Irulegin ezagutu zen aurkikuntzari dagokionez, Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du atzo Irulegin ezagutzera eman zen ezagutza ekarpen garrantzitsua dela “gure historiarako eta bizikidetzarako”. Zupiriaren arabera, aurrera egiten jarraitzeko gure gizartearen gako nagusietako bat ezagutza sustatzea eta ezagutza hori zabaltzea eta gizarteratzea da.

“Nire ustez, atzo Irulegin argitara eman zen aurkikuntzak garai historiko baten ezagutzan sakontzen du, eta gure ingurune fisikoan izan ziren erromatarren aurreko zibilizazioen ezagutzan sakontzen du. Mendeetan zehar gaur egun euskara bezala ezagutzen dugun hizkuntza baten eramaile eta igorle izan den giza komunitateaz ere hitz egiten digu. Alderdi horiek guztiak ezagutzarekin, zientziarekin eta ikerketarekin lotuta daude”, azaldu du.

Era berean, sailburuak adierazi du atzokoa egun handia izan zela humanitateekin, arkeologiarekin, historiarekin eta filologiarekin zerikusia duten diziplinentzat, baita historialariek eta arkeologoek beren ikerketetan laguntzen dituzten zientzia tekniko guztientzat ere. “Eta uste dut egun handia izan zela Aranzadi elkartearentzat, hainbat arlotan berrikuntzan eta ikerketan lan egiteko gaitasuna erakutsi baitu”, adierazi du.

AMATASUN PROTOKOLOA

Bestalde, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du Osasun Sailak segurtasun protokoloak indartuko dituela ospitaleetako amatasunetan.

GOBERNU KONTSEILUAREN AKORDIOAK

Ohikoa den bezala, Bingen Zupiria bozeramaileak jakitera eman ditu Gobernu Kontseiluak gaur onartutako beste hainbat akordio, besteak beste, honakoak aipatu ditu:

Alde batetik, IKERTALENT prestakuntza-programaren deialdia egiteko eta oinarriak ezartzeko agindua onetsi du Eusko Jaurlaritzak. Programak 2022rako 1,8 milioi euro baino gehiago izango ditu eskuragarri. Zenbateko horri esker, hamabi beka finantzatuko dira prestakuntza jasotzen duten ikertzaile gazteentzat (doktoratu aurrekoak) eta beste hamar beka Euskal nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreko arlo zientifiko-teknologikoan eta enpresa-arloan teknologoak prestatzeko.

Hezkuntza arloan, Gobernu Kontseiluak onartu du 2022-2023 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua. Dirulaguntza deialdi honek 2.200.000 euroko zenbatekoa du 2022-2023 ikasturterako.

Kultura geiekin lotuta, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Arte Ederren Museoaren eraberritze lanetarako milloi bat euro gehiago jartzea erabaki du gaurkoan. Guztira, Gobernuak 15 milioi euro jarriko ditu 2021-2036 aldian eraberritze eta handitze laneterako, hasieran onartutakoa baino kopuru handiagoa (12,6 milioi euro). Igoera honek eraikuntza-industriako lehengai jakin batzuen kostuen igoera nabarmenari aurre egin nahi dio.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak hainbat akordio onartu ditu euskal merkataritza-elkarteekin, 1.310.000 euroko zenbatekoarekin, Arabadendak, CECOBI, Aenkomer, Bizkaidendak eta Gasteiz on, lehiakortasuna hobetzeko eta euskal merkataritza-sektorea bultzatzeko, sektore- eta sustapen-estrategiak garatuz eta elkarte horiek sektorea dinamizatzeko eragile aktibo gisa sendotzeko.