Eusko Jaurlaritzak Uhinak kongresuan aurkeztuko ditu lurraldea klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko proiektuak

0
Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak gaur goizean parte hartu du Ficoban gaur eta bihar egingo den Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Kongresuaren irekiera-ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak bertan aurreratu ditu klima-aldaketaren ondorioetarako lurraldearen egokitzapenean eta erresilientzian aurrera egiteko bultzatutako proiektuak. “Gure eginbeharra da prestatzen hastea, eta hor, hain zuzen ere, sortzen dira aukerak. Gure enpresek, jakintza sortzeko gure sistemaren babesarekin, aukera dute inpaktu hori arinduko duten zenbait soluzio eta neurri gure lurraldean probatzeko, eta esperientzia horrek beste merkatu batzuetan aukerak zabalduko dizkie”, aditzera eman du.

Life Urban Klima 2050 proiektuaren aurrerapenak izango dira gai-bloke horietako baten ardatz nagusia —proiektu hori da Euskadiko klima-ekintzako proiekturik handiena 2025. urtera arte— eta stand propioa ere izango du kongresuan. Besteak beste, bideozaintzako eta eguraldi-aurreikuspeneko sistemak azalduko dira, kostaldean arriskuak prebenitzeko eta informazio berria arriskuen prebentziorako plangintzetan txertatzeko. Ekimen honek Zarautzen proiektu pilotu bat barne hartzen du, bere itsas pasealekuan zentratzen dena, olatuen eta mareen efektu konbinatuaren inpaktuak murrizteko helburuarekin. 2021ean, Zarauzko hondartzan ingurune zurrunetan jarduteko aukeren azterketa egin zen, eta bigarren ekimen bat abian da klima-aldaketak energia-azpiegituretan duen eragina aztertzeko.

Kostaegoki txostenaren ondorioak ere aurkeztuko dira. Txosten horren helburua da klima-aldaketak eragindako itsasoaren batez besteko mailaren igoeraren ondorioei eta olatuek euskal kostaldean duten inpaktuari buruzko informazio eta tresna garrantzitsuak ematea, kostaldea planifikatu eta kudeatzeko neurriak hartu ahal izan daitezen, baita egokitze-neurriak ere. “Kostaegoki proiektuak zehazten den klima-egoeraren arabera izango diren galera ekonomikoen balorazioa egiten du, eta, era berean, eraginpean egongo den biztanleriaren ehunekoa zehazten du, udalerri-mailako xehetasunekin”, adierazi du Uriartek.

Azkenik, Uhinak biltzarrean, Europako Batzordeak Horizon 2020 programaren barruan Eusko Jaurlaritzari emandako beste proiektu baten berri emango da. “Regions4Climate proiektua da, eta haren helburua da erresilientzia klimatikoko soluzio berritzaileak frogatzea eta baliozkotzea Europako 12 eskualdetan, “aitzindari” deritzen 3 eskualdetan (horien artean dago Euskadi), eta ‘jarraitzaile’ deritzen 9 eskualdetan. Hiru erronka klimatiko eta horien ondoriozko inpaktuak izango dituzte aztergai: muturreko prezipitazioak, muturreko tenperaturak eta itsas mailaren igoera”, aditzera eman du Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariak.

Regions4Climate proiektuaren barruan Euskadiren helburu nagusia da egokitze-neurriak inplementatzea eta zenbait azterketa pilotu egitea. Azterketa horietan, lehengoratutako hezeguneen lehengoratzea eta euskal estuarioen ahalmenaren berreskuratzea aztertuko da, betiere erresilientzia-parametro gisa. Parametro horiek eredugarriak izango dira eskualde jarraitzaileentzat, baita Euskal Autonomia Erkidegoko eragile publikoen eta pribatuen parte-hartzea mobilizatzeko eta egituratzeko ere.

Uhinak Klima Aldaketa eta Itsasertzari buruzko Kongresuaren bosgarren edizioak 150 aditu bilduko ditu bi egun hauetan, eta 40 hitzaldi eta komunikazio baino gehiago izango ditu.