Josu Erkoreka: “Euskadin trafiko-istripuetan hiltzen diren pertsonen erdiak kolektibo zaurgarriren batekoak dira”

0

Josu Erkoreka lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak gaur goizean inauguratu du, Bilbon, “Kolektiborik zaurgarrienentzako Bide Segurtasunerako eredu berri bat Euskadintrafikoko jardunaldi profesionala. Topaketan, bide-segurtasunaren arloan zaurgarrienak diren pertsonen babesean sakondu da: motozaleak, txirrindulariak, oinezkoak, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen gidariak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, adineko pertsonak eta haurrak.

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuaren hitzetan, “Euskadin trafiko-istripuetan hiltzen diren pertsonen erdiak, gutxi gorabehera, kolektibo zaurgarriren batekoak dira”. 2021ean, guztira hildakoen % 48 kolektibo horietako batean sartzen ziren, eta, 2019. urtearekin alderatuta, % 11ko beherakada izan zen, urte hartan % 59koa izan baitzen —konparazioak egiteko aintzat har daitekeen azken urtea da hori (pandemiaren aurrekoa)—. Josu Erkorekaren iritziz, “joera beheranzkoa bada ere, Eusko Jaurlaritzak Zero Biktima ikuspegiarekin lan egiten du, zirkulazio-istripuen ondoriozko heriotza bakar bat ere ez baita onargarria.”

Halaxe jasotzen du Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguru eta Jasangarriko Plan Estrategikoak 2025. Plan horren ondoriozkoa da, halaber, lehen Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Ituna, hil honetan bertan, azaroan, bide-segurtasunarekin eta mugikortasun seguru, jasangarri, efiziente eta osasungarriarekin konpromisoa duten Euskal Autonomia Erkidegoko eragile instituzionalen eta sozialen ordezkaritza zabalak sinatutakoa. Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak aditzera eman duenez, itun horren xedea da, halaber, “kolektibo zaurgarrien babes bereziari arreta emango dioten politikak sustatzea”. Gainera, Nazio Batuek eta Europar Batasunak zehaztutako erronkei erantzuten dien akordioa da, 2030erako trafiko-istripuen ondorioz hildakoen eta zauritu larrien kopurua erdira murrizteko eta 2050erako errepidean hildakoen eta zauri larrien kopurua zero izateko akordioa.

Hiru panel tematiko

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Trafikoko Jardunaldi Profesionalean, beraz, talderik zaurgarrienen babesean sakontzeko helburuarekin elkartu dira bide-segurtasunaren arloko adituak. Jardunaldia Deustuko Unibertsitatearen Liburutegian, CRAI, jarraitu ahal izan da zuzenean, eta Irekia plataformak streaming bidez eman du.

Lehen panelean, “Hiri-ingurune konplexuetan egindako joan-etorriei buruzko gogoetak. Teknologiaren zeregina mugikortasun eraginkorra, segurua eta jasangarria bermatzeko”, parte hartu dute: Jaume Barceló Kataluniako Unibertsitate Politeknikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboa Saileko irakasle emerituak eta Bertrand Hébert Biarritzeko Hiri Estrategia eta Mugikortasun Saileko Mugikortasun – Aparkaleku Zerbitzuko buru eta Udaltzaingoko arduradun-ohiak.

Bigarren panelean, Kalteberatasunaren kontzeptua Osasun Publikoaren eremuan. Mugikortasun berriari lotuta, irtenbide seguruak eta efizienteak lortzeko bidean”, txostenak aurkeztu dituzte: Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak; Miguel Ángel Serna Motozaleen Elkarte Nazionaleko eta Motozikleta Gidarien Eskola Nazionaleko presidenteorde eta Prestakuntzako eta Gidatze Seguruko ikastaroetako zuzendariak; eta Javier Aparicio Bird Micromobility Company-ko Nazioarteko Harremanetako zuzendariak.

Hirugarren panelean, “Prebentziorako ezagutza globala, Euskadin dibertsitate funtzionala duten pertsonen kolektibo kalteberan. Gizarte-eraldaketaren bidez prebentzioa hobetzeko metodologia, esku hartu dute: Rosa Mindeguia Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Psikologian doktore, Tilburg-eko Unibertsitateko ikertzaile (Herbehereak) eta Euskal Autonomia Erkidegoan dibertsitate funtzionala duten pertsonen hiri-mugikortasunari buruzko azterketaren erantzukideak; Elena Arambarri Baketik Fundazioko Antzerki Foruma programaren zuzendarikideak; Nuria Pérez AESLEMEko Errepideko Ezbeharren Biktimen Laguntza Integralerako Psikologia Sailaren arduradunak; eta Claudia Adriazola-Steil hiri-mugikortasun globaleko zuzendariondoko eta Hiri Jasangarrien aldeko WRI Ross zentroko (Ameriketako Estatu Batuak) Osasun eta Bide Segurtasuneko zuzendariak.

Itxiera

Azkenik, Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak, jardunaldia itxieran, adierazi duenez, “bideak erabiltzen dituzten pertsonen arteko bizikidetza eta zaurgarrienekiko errespetua funtsezkoak dira zirkulazio-istripuen ondorioz hildakorik eta zauritu larririk gabeko Euskadi eraikitzeko. Helburu hori lor dezakegu, Bide Segurtasunean esku hartzen duten eragile guztien artean lankidetzan jarduten badugu, zero biktimako helburu horretara ahalik eta azkarren hurbiltzeko estrategiak diseinatze aldera”.