Sprilur-ek bukatu du Legazpiko Sidenor lantegi zaharra berrurbanizatzeko lanen lehen fasea

0
PRUEBA

Erauzitako hondakin-materialen %85 (16.581 metro kubiko) obran bertan aprobetxatu eta berrerabili da, bete-lanak eta atontze-lanak egiteko.

Sprilur-ek abenduan -hasieran aurreikusten zen baino lehenago- amaituko du Legazpiko Sidenor siderurgia-lantegi zaharraren 90.882 metro koadroko azalera berrurbanizatu eta berrantolatzeko lanen lehen fasea. Urtebete igaro delarik lanak hasi zirenetik, jarduera hau dugu Sprilur-ek azken urteetan berraprobetxatzeko bereganatu duen industria-gune narriatu handienetako bat.

Urte honetan sektore industrial handi hau berrurbanizatu da, azalerak mugatu dira, hiru partzela urbanizaturen bideragarritasuna landu da, azpiegitura berriak jarri dira inguru osoan, barneko bideragarritasuna bultzatu da errepideak zabalduz, eta espaloi berriak, bidegorriak eta aparkalekuak egin dira.  Era berean, errespetatu egin dira eremuan lehendik zeuden eraikinak, Legazpiko Ondare Historikoa babestu eta kontserbatzeko Plan Bereziak babesten zituenak.

Berrurbanizazio-lanen lehen fasean jarraipen berezia egin behar izan zaio aurreikusitako Indusketa Planari, sektore barruan ahalik eta lur bolumen handiena aprobetxatzeko, dela eraisketetatik ateratako lurra, dela zangetatik erauzitako materiala. Atontze eta urbanizazio lanek iraun duten bitartean babestu eta zaindu egin dira lehendik zeuden eraikinak eta, aldi berean, hargune eta azpiegitura berriak sortu dira partzela bakoitzarentzat, pabilioien mailako lurzoru berriak egin dira eta errepide-sare berri bat ere bai.

Lurrak mugitu eta hondakinak kudeatzeko prozesuan zehar Sprilur-ek neurri jasangarriak aplikatu ditu fase honetan, halako gisaz non erauzitako materialaren %85 (16.581 metro kubiko) obran bertan berrerabili baita obra atondu eta burutzeko. Bakarrik eraman dira zabortegira 2.925 metro kubiko lur ez-arriskutsu.

2023ra begira, eta berreskuratze-planarekin jarraitzeko, Sprilur-ek lantegi zaharreko jatorrizko bi tximiniak birgaitzeko lanak abiatuko ditu. Tximinia horiek babes-maila gorena dute Ondare Historiko Industriala Kontserbatzeko Planaren barruan, eta horregatik mantenduko da beren diseinua, euren hondatze-prozesua eta erorketa arriskuak eragozten saiatuz, inguruko jardueretan sor ditzaketen arazoak saihesteko.

Erabiltzen ez diren industria-guneak berreskuratzea da Sprilur eta Industrialdeak Sozietateen jarduera-ildo eta helburu estrategiko nagusietako bat. Zehazki, 15 milioi inguruko inbertsio globala egingo da mende bat baino gehiagoko jarduera industriala izan duen Legazpiko AU 35 Bellota gunean, besteak beste lurzorua erosteko eta obrak egiteko, eta gune horren lehengoratze-fase osoan pisu handia emango zaio ingurumena garatzeari eta kultur babesari.