Arkautek haurren eta nerabeen aurkako sexu-erasoen kasuen prebentzioaren eta ikerketaren arloko ertzainen formakuntza bultzatuko du

0
PRUEBA

Ertzaintzako hogeita hamar bat agente, hurbiltzaileak eta Pertsonen aurkako Delituen Atalekoak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak antolatutako “Haurren eta nerabeen aurkako sexu-erasoak. Arazoaren egoera eta jarduketa-lana” ikastaroan parte hartzen ari dira aste honetan, azaroaren 19an Haurren eta nerabeen aurkako indarkeriaren eta tratu txarren prebentziorako nazioarteko eguna izango dela eta.

Andres Zearreta Akademiaren zuzendari nagusiaren arabera, jardunaldiaren helburua da “agenteen gaitasun profesionalak etengabe garatzea, haurren eta nerabeen aurkako sexu-erasoen kasuen aurrean polizia-jarduketarik onena egingo dela bermatzeko”, biktimei eta salatzaileei arreta ematetik abiatu eta ikerketa garatu bitartean.

Saioetan sakonduko dituzte biktimen eta biktima-eragileen ezaugarriak, motak, prebalentziak eta profilak eta euskal administrazio publikoek sexu-indarkeriako kasu horiei aurre egiteko dituzten baliabideak, besteak beste, Arartekoak koordinatutako “Euskadin haur eta nerabeen kontrako sexu-abusua eta sexu-esplotazioa gertatzen direnean jarduteko jarraibideak (2021)” gida, Ertzaintza inplikatutako gainerako erakundeen arteko lotura izanik.

Hugo Prieto Ertzaintzako Ikerketa Kriminaleko eta Polizia Judizialeko Atal Nagusietako operazio-buruaren, Katixa Etxebarria Giza Eskubideen Unesco Katedrako irakaslearen eta Maitane Urizar Gure Sarea Genero Ikerketa Elkarteko formakuntza-buruaren hitzaldien bitartez, formakuntzan parte hartuko duten ertzainek Euskal Polizian sartzeko ikastaroetan adingabeen babesari buruz jasotako formakuntza osatuko dute.

Programa espezifiko honek haurrak eta nerabeak era guztietako indarkerietatik babesteko Ertzaintzak hartutako konpromisoari erantzuten dio. Barnhaus 2021 Txostenaren arabera, nazioartean haurren eta nerabeen % 10-20ek jasan ahal izan dute sexu-indarkeria, orokorrean 13 urte bete aurretik, eta biktima-eragileak, kasuen % 80-90etan, biktimaren familiartekoak edo gertuko pertsonak dira.