Astiñene trafikoarentzat irekita egon liteke datorren astean

0

Astiñene zubiko obrak erritmo onean doaz aurrera, eta, dena ondo badoa, baliteke datorren astean trafikoarentzat irekitzea.

Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak adierazi du «egun hauetan azken ukituak ematen ari direla eta zubia trafikoarentzat irekitzeko egin beharreko probak egiten ari direla. Atzo, Dbuseko bi autobusek igarotze-probak egin zituzten, egin beharreko maniobrak kontuan hartu eta asfaltoan erreiak non pintatu erabakitzeko. Probak emaitza positiboa izan zuen. Autobusak arazorik gabe pasatu ziren eta ez zuten gelditu beharrik izan, nahiz eta tokirik sobratu ez. Hala ere, emaitza ona da, kontuan izanik zubia oraingoa baino apur bat zabalagoa dela

Dagoeneko amaitu da zubia eta bideak lotzeko fasea (azken gauetan egin da), bai eta erreiak margotzeko lana ere (gaur gauean egin da). Nahitaezko indar-proba ere egin zitzaion zubiko barandari, metro linealeko 300 kg-ren bultzada jasan behar baitu. Proba horren emaitza ere positiboa izan zen.

«Azken proba geratzen da, zamarena, eta hori datorren asteartean egingo da. Proba, espero den bezala, positiboa bada, zubia egun horretan bertan edo asteazkenean irekitzeko prest egongo da», adierazi du Agirrezabalagak.» Bidea ibilgailuentzat, bizikletentzat eta oinezkoentzat irekiko da, nahiz eta espaloietarako soladuraren zain egon oraindik, Portugalgo enpresa batetik iritsi behar dute eta. Nolanahi ere, espaloiak hormigoizko zorua du eta arazorik gabe igaro daiteke bertatik.