Javier Hurtado sailburuak: Gure herriak eta hiriak bizirik daude eta haiekin batera eraldatzen da merkataritzaren ekosistema, hiru trantsizio handiren eraginpean dagoena: ingurumenekoa, digitala eta demografikoa”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok amaiera eman dio gaur SER Euskadik antolatutako Innovación en el comercio localelkarraldiari. Mahai-inguruetako batean Merkataritzako zuzendari Elena Morenok parte hartu du, Arlekin, Pololoco eta Encajeros de Bilbao saltokietako ordezkariekin batera.

Sailburuak gogorarazi egin du merkataritzan berrikuntzak duen garrantzia, honela ulertua, “berritzeko, eguneratzeko eta balioa ekartzeko gaitasuna. Eraldatzen ari den agertoki batean, merkataritzak egokitu egin behar du, berrasmatu, hurbiltasunaren eta arreta pertsonalizatuaren esentzia galdu gabe, eta hor funtsezko rola betetzen du berrikuntzak”.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu duenez, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Merkataritza 2030 Euskal Estrategia lantzen ari da, eta “helburu argi batekin sortu da: merkataritzaren egoera berrira egokitutako politika berrituen abiarazpena eta garapen progresiboa bideratzea. Eraldaketa teknologiko sakonak, hiri-agenda berriak, eta merkataritzaren eta zerbitzuen arteko mugen lausotzeak markatzen dute agertoki hori. Eta horri gehitu egin behar dizkiogu aldaketak kontsumo-ohituretan eta kontsumitzaileen gero eta eskakizun handiagoa erosketa-esperientzian, omnikanalitatean eta jasangarritasunaren aldeko apustuan”.

Beraz, Merkataritzako Euskal Estrategiak 2 gune handitan zabalduko ditu bere neurriak: enpresakoan eta hirikoan. “Hiri-espazioak merkataritza-politiken elkargunea izan behar du. Gure herriak eta hiriak bizirik daude eta haiekin batera aldatu eta eraldatzen da merkataritzaren ekosistema, hiru trantsizio handiren eraginpean dagoena: ingurumenekoa, digitala eta demografikoa. Eta horri aurre egiteko, hiriak merkataritza-politiken xede bihurtu behar du, hiri jasangarriagoak, adimendunagoak, hiri-eredu komertzial berri batekin eta hiri-ekonomiaren kontzeptu berri batekin. Funtsean, espazio publikoa pertsonentzat birkonkistatzea da helburua, merkataritza gizatiar baterako espazio gizatiarrak sortzea, horrek ere eragin positiboa baitu merkataritzan eta ostalaritzan”.

Amaitzeko, sailburuak azpimarratu duenez, administrazioek eta merkatariek “elkarrekin ekin behar diogu merkataritza-ereduaren eraldaketa horri, eta konpromiso indibidual eta kolektibotik abiatu behar dugu horretarako. Merkatariaren beraren konpromisoa, beren negozioetan sinetsi eta trantsizioan den eszenatoki batean aurrera atera nahi dituzten pertsonena. Eta baita kudeatzaile publikoen konpromisoa ere, epe luzera begiratu behar baitugu, berehalako premiak alde batera utzi gabe eta arriskuak hartzeko gai garela”.