Artolazabalek indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako baliabideen kudeaketa integratuan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu

0

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako baliabideen kudeaketa integraturako lanean egindako aurrerapenen berri eman du gaur Euskalduna Jauregian egindako lan-jardunaldian. Berarekin batera, Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria; Ainara Canto, EDE Fundazioaren Aholkularitza eta Ikerketa Sozialeko arduraduna; eta Oiane Zarate eta Naiara Burgoa, SATEVI- 900 840 111 telefono bidezko arretaren arduradunak izan dira.

Saioak bi zati izan ditu: bata publikoa, non kudeaketa integratuko planaren lehen urratsen ebaluazioa eta etorkizunerako aurreikuspenak aurkeztu diren; eta bestea, ateak itxita, non biktimen elkarteetako ordezkariek parte hartu duten mahai-inguru batean, aurrerapenen berri emateko eta euren proposamenak entzuteko.

Sailburuak adierazi duen bezala, kudeaketa integratuan aurrera egiteak eskaintzen ditugun zerbitzu guztien arteko koordinazioa indartzea esan nahi du, eta horrekin arreta integralagoa eta pertsonalizatuagoa lortu nahi dugu. Azaldu duenez, azken helburua da indarkeria matxista pairatu duten edo pairatzen duten emakumeen arreta hobetzea eta birbiktimizazioa saihestea.

Artolazabalek ziurtatu du indarkeria matxistaren biktimen elkarteetako ordezkariekin izandako bileretan egiaztatu duela euren aldarrikapen nagusia dela harreman enpatikoagoa lortzea instantzia guztietatik, bai judizialetatik, bai sozialetatik, osasun arlokoetatik, segurtasunezkoetatik edo sozio-laboraletatik, eta Gobernua helburu horrekin ari dela lanean.

Kudeaketa integratuko proiektuak hiru fase ditu: Lehenengoa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren beraren lanean oinarritzen da, teknikariekin, juridikoekin eta biktimei arreta emateko langileekin. Bigarren faseak Jaurlaritzaren beraren beste sail batzuetara zabaltzen du lan-eremua (Segurtasun Saila, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, Osasun Saila, Lan eta Enplegu Saila eta Hezkuntza Saila); hirugarren faseak, berriz, beste administrazio batzuetako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko zerbitzuetan parte hartzeko eta haiekin lankidetzan aritzeko aukera zabaltzen du, EAEko erakunde publikoek indarkeria matxistaren biktimei eskaintzen dieten arretan hiru administrazio-mailak sartuta baitaude: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak adierazi du zerbitzu on bat eskaintzeko beharrezkoa dela emakumeak erdigunean jartzea: “Indarkeria jasan duten emakumeetako bakoitzak ematen ditugun zerbitzuen ardatz izan behar du, eta ez alderantziz”. Azaldu du, halaber, proiektuaren lehen fase honetan egin den koordinazio-prozesuari esker, zerbitzuetako arduradunek informazioa trukatu ahal izan dutela, elkarrekin hausnartu ahal izan dutela eta ikuspegiak bateratu dituztela, eta zerbitzu bakoitzak sistemaren mapa osoa ezagutu ahal izan duela. Gaineratu duenez, “espediente elektroniko bakarra ahalbidetuko duen plataforma bat diseinatzeko urratsak emateko interes komuna dago”.

Saioan, SATEVI zerbitzuaren datuak ere eman dira, 900840111 arreta-telefonoarenak. 2022an, urriaren 31ra arte, 2.455 arreta zenbatu dira, eta horietatik 1.420 lehenengo arretak izan dira. Gehienak (2.151) bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriari buruzkoak dira; 149 familia barruko indarkeriari buruzkoak dira; eta 155 sexu-askatasunaren aurkako delituei buruzkoak. SATEVIko arduradunek azaldu dutenez, zerbitzu hau sistemarako sarrera atea izateaz gain, bada ere irteera ate bat, gizartera ahaldunduago irteteko.