APDEMA-ren 60. urteurrenean Beatriz Artolazabalek nabarmendu du Arabako adimen-desgaitasuna duten pertsonen “duintasun- eta ahalduntze-lan aparta”

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek Gasteizen parte hartu du APDEMA Adimen Desgaitasuna duten Pertsonen aldeko Arabako Elkartearen 60. urteurrena ospatzeko ekitaldian.

Emandako hitzaldian, Artolazabalek APDEMA osatzen duten familiak, profesionalak, boluntarioak eta erabiltzaileak zoriondu ditu, azken sei hamarkadetan “taldean egindako lan bikainagatik”. Nabarmendu duenez, “mugarri hori eragozpen oro gainditzeko konpromisorik gabe lortzea ezinezkoa izango zen”.

Ildo beretik, sailburuak ospakizunerako aukeratutako leloa aipatu du —60 urte eta betetzen jarraitzen dugu—, eta nabarmendu du APDEMAk, hain zuzen ere, “Arabako adimen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko konpromisoa betetzen jarraitzen duela; haiek duintzeko eta ahalduntzeko konpromisoa”. Artolazabalen hitzetan, APDEMAk “bere sorrerako helburua betetzen jarraitzen du: pertsona horien eskubideak defendatzea eta euren beharrei erantzutea”, bai, berak zerrendatu duen bezala, informaziotik, orientaziotik eta laguntzatik; hezkuntza-jarraipenetik; zentro okupazionaletatik; enplegutik; bizitegi-zerbitzuetatik; aisialdiko eta kulturako jardueretatik; kiroletik; zahartze aktiboko programetatik edo zaintzaileentzako atseden-programetatik, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko arduradun nagusiak lankidetzaren aldeko apustua berretsi du, “kolektiboaren erabateko inklusioa eta partaidetza soziala plantea dezakeen edozein erronkari erantzun eraginkorrak emateko”. Lankidetza horrek, adibide gisa, APDEMAren lehen Berdintasun Plana gauzatzen lagundu du. Plan hori gizarte-erakundeak Emakunderen laguntza teknikoarekin garatu du.

Ekitaldia Europa Biltzar Jauregian egin da, eta azken hilabeteetan APDEMAren bizitzako lehen 60 urteak ezagutarazi eta balioetsi dituzten ospakizun partzialen amaiera izan da. Ekitaldian ez dira falta izan elkarteko presidente izandakoei, familiei, profesionalei, boluntarioei eta erabiltzaileei zuzendutako esker onak, ezta antzerki- edo musika-emankizunak ere.