Ertzaintzak emakumeen aurkako 4.591 indarkeria-delitu erregistratu ditu, 2021ean baino % 14,6 gehiago

0

2022ko urtarriletik irailera bitartean, Ertzaintzak bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako, etxean gertatutako edo sexu-askatasunaren kontrako 4.591 delitu erregistratu ditu emakumearen kontrako indarkeria-kategoria ezberdinetan. Iazko aldi berarekin alderatuta, era horretako delituek % 14,6 egin dute gora. Denboraldi horretan, Ertzaintzak delitu horien biktima izan diren 3.696 emakume zenbatu ditu, eta 2021eko denboraldi berari dagokionez igoera % 13,2koa izan da, beraz.

Lurralde historikoen arabera, kopuru handienak, bai kasuei dagokienez bai biktima izan diren emakumeei dagokienez, Bizkaian erregistratu dira; baina ehunekoa kontuan hartuta, era horretako delituek Gipuzkoan egin duten gora gehien, eta igoera % 20koa izan da. Informazio zehatza erantsitako 0 taulan.

Emakumearen aurkako delitu-tipologia: 1, 2 eta 3 taulak

Aurten, orain arte, ez da bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako homizidiorik izan Euskadin (genero-indarkeria), baina saiakuntza gradukotzat jo diren 4 ahalegin zenbatu dira (2021ean bezala). Aitzitik, homizidio burutu bat eta saiakuntza bat erregistratu dira familiaren esparruan (familia barruko indarkeria). Aurtengo apirilean, Felisa, 90 urtekoa, Gurutzetako ospitalean hil zen Barakaldon berarekin etxean bizi zen semeak eragin zizkion lesioen ondorioz.

Ertzaintzak 2022an jasotako salaketa-kopuru handiena bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeria kasuengatik jaso du berriz ere, 3.227 zehazki, eta aurreko urtearekin alderatuta igoera % 17,2koa izan da, beraz.  Horietatik gehienak ohiko tratu txar fisikoak, irainak, laidoak eta lesioak dira, eta, ondoren, askatasunaren aurkako delituak, batez ere, mehatxuak, hertsapenak edo jazarpena.

Emakumeen kontrako eraso gehien izaten den bigarren ingurune nagusia familia-ingurunea da (familia barruko indarkeria, bikotekidea edo bikotekidea kenduta), eta aurten, orain arte, 867 kasu erregistratu dira, aurreko urtearekiko % 1,6ko igoera izan da, iaz 853 kasu erregistratu baitziren.

Azkenik, igoera aipagarria izan da, 2022ko eta 2021eko aldiak alderatuta, sexu-askatasunaren kontrako delituen atalean: 397 kasu erregistratu dira, aurreko urtean baino % 27,2 gehiago, iaz 312 kasu izan baitziren. Gehienak “sexu-abusuak” izan dira (Zigor Kodearen aldaketaren aurreko katalogazioaren arabera), baina nabarmentzekoa da sexu-erasoak direla gora gehien egin dutenak, 33tik 58ra igo baitira Euskadin erregistratutako kasuak, aurreko urtean baino % 75,76 gehiago. Gainera, sexu-eraso larrienek ere gora egiten jarraitzen dute: 2021ean 33 erregistratu ziren eta aurten, 2022an, 62 gertatu dira, hau da, % 40,9 gehiago.

Babes pertsonala eta integrala: 5.144 emakume

Ertzaintzaren jarduera-ardatz nagusietako bat indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen babes integralera bideratzen dena da. Ertzaintzaren ertzain-etxe guztietan daude era horretako indarkeriaren biktima diren emakumeak artatzeaz bakarrik arduratzen diren taldeak. Horrez gainera, Herritarren Babeserako agente bakoitzak eguneko lanaldiaren zati bat bere mugapeko emakumeen aurkako indarkeria-kasuen jarraipena eta horien inguruko jarduketak egiteari eskaintzen dio.

Emakume bakoitzaren arriskuaren ebaluazioa 4 mailatan sailkatzen da (oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia), eta horien arabera esleitzen zaizkie dagozkien babes-neurriak. Une hauetan 5.144 emakumek dute Ertzaintzaren nolabaiteko babesa salaketa jarri ondoren eta poliziak biktimaren egoeraren berri izan ondoren. Emakume horietatik 3.391k epailearen aginduz dute babesa eta gainerako 1.753k biktima bakoitzaren arriskua aztertzen duten polizia-protokoloak kontuan izanda.

  • Kasurik larrienetan bizkartzain-zerbitzu iraunkorra edo puntuala jartzen zaie arrisku handiena duten emakumeei (50 emakume une hauetan: 37 Bizkaian, 9 Gipuzkoan eta 4 Araban)
  • Kontrazaintza-zerbitzua (188 emakume: 121 Bizkaian, 36 Gipuzkoan eta 11 Araban)
  • Babesa baliabide elektronikoen bidez (109 emakumek dute Ertzaintzak instalatutako Bortxa aplikazioa euren mugikorretan, eta beste 106k dute Ertzaintzaren telefono bat Bortxa aplikazioarekin).
  • Horrez gainera, 71 gizonezkok daramate lokalizazio-eskumuturrekoa epailearen aginduz: 37k Bizkaian, 29k Gipuzkoan eta 5ek Araban.

Polizia-prozedura

Ertzaintzak kasu berri bat hautematen duen bakoitzean, espediente informatiko batean erregistratzen du. Une horretatik aurrera, Ertzaintzak babes aktiboa ematen dio biktimari, esleituta duen arrisku-maila eta epaileak kasua ebatzi duen alde batera utzita. Espediente bakoitzak kasuaren historial osoa biltzen du kronologikoki: elkarrizketak, salaketak, epailearen aginduak edo beste aplikazio informatiko batzuetako datuak, besteak beste. Kasurik larrienetan epaitegietako tramiteak errazteko eta babes handiagoa ematera iristeko, tratu txarrak jasan dituen emakumeari epaitegira laguntzen diote agenteek lehenengo tramiteak egitera joaten denean. Bestalde, gizarte-zerbitzuekin harremanetan egoteko bidea dago tratu txarrak izaten direnean seme-alaba adingabeei arreta emateko.

Arriskua lau mailatan sailkatzen da: oinarrizkoa, moderatua, handia eta berezia. Ebaluazioa jarraitua izaten da, eta alda daiteke, beraz, biktimaren edo erasotzailearen inguruabarrak aldatzen badira. Biktima guztiei ezartzen zaien lehenengo segurtasun-neurria autobabeserako prestakuntza izaten da, eta saio pertsonal batean bideo bat ikusten dute eta informazio-liburuxka bat jasotzen dute. Lehenengo urrats horren ondoren, telefono bidez egiten da jarraipena aldian behin.

Emakumeen babeserako 2023ko aurrekontua

  • 6,7 Mill/€ biktima diren emakumeen babes pertsonalerako: diru hori indarkeria matxistaren kasurik larrienak babesteko da, hau da, arrisku handiaren ondorioz emakumeak bizkartzain-zerbitzu baten bidez babestu behar direnerako.
  • 33.749€ Bortxa aplikaziorako. Telefonia mugikorreko aplikazio bat da, Ertzaintzak esklusiboki instalatzen du eta biktimaren telefonoan integratuta geratzen da. Aurretik konfiguratutako telefonoetara (erreferentziako ertzain-etxea, larrialdiak, etab.) ohiko deiak egiteko aukera ematen du, baina, horrez gainera, egoera kritikoa aditzera emateko botoi bat du, eta biktimaren posizionamenduaren datuak berehala bidaltzen ditu larrialdietako zerbitzura, eta gertatzen dena entzun daiteke erantzun azkarra eta eraginkorra emateko. Horrez gainera, SATEVI zerbitzuarekin komunikatuta dago. Zerbitzu honek eguneko 24 orduetan ematen die arreta psikosoziala indarkeria matxistaren biktimei 900 840 111 telefono-zenbakiaren bidez. Une hauetan 328 emakumek dute euren telefonoan aplikazio hori integratuta.
  • 155.461€ “EBA proiektua” (Emakumeen eta Etxekoen Babesa) mantentzeko eta hobetzeko. Emakumeen aurkako indarkeria-delituekin zerikusia duten Ertzaintzaren eta udaltzaingoen espediente guztien kudeaketa partekatzeko aukera ematen duen sistema digitala da. Ezarri zenetik, formatu berean sortzen eta partekatzen dira espediente guztiak. Horrez gainera, tresnak emakume bakoitzaren arrisku-ebaluazioak homologatzeko aukera ematen du, edozein izanik ere kasuaz arduratzen den polizia-kidegoa, bai eta bere seme-alaben arriskua ebaluatzeko, diagnostikatzen den arrisku-mailaren araberako babes egokia ezartzeko eta abarrerako aukera ere.
  • 72.600€ indarkeria matxistaren arretan euskal polizien artean koordinazio-protokoloak ezartzeko eta horien jarraipena egiteko. Kontu-sail honek Euskadiko polizia guztietan esku-hartze koordinatu eta homogeneorako protokoloak sortzen eta ezartzen jarraitzeko aukera ematen du. Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen artean ohiko jarduera-jarraibideak dira, eta helburua da, alde batetik, biktimei arreta integrala ematea eta, bestetik, berriz biktimizatzea eragoztea erakunde batetik bestera ibilita.

OHARRA: biktimizazioak kasuak dira, ez emakumeak. Ohikoa da emakume batek delitu bat baino gehiago salatzea