Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako bihar astearterako

0

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako 00:00etatik bihar, asteartea, 15:00ak arte, eta olatuen altuera adierazgarria 5 metrotik gorakoa izan daiteke.  Ordura arte, olatuak 3,5 metrotik 5 metrora artekoak izan daitezke. Horrez gainera, aktibatuta mantentzen dira abisu horiak kostako inpaktuagatik, euriagatik eta euri iraunkorrengatik Gipuzkoan, bereziki itsasertzeko ekialdeko eremuan.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bata bestearen atzetik igaroko diren fronte-sistemen ondorioz euria, mendebaldeko haize indartsua eta itsaso zakarra izango ditugu gaurtik, hilaren 21etik, asteazkenera, hilaren 23ra, arte, nahiz eta denboralearen unerik adierazgarrienak gaur eta bihar artean izango ditugun.

Olatuen ezaugarrien ondorioz, zipriztinak izan daitezke, batez ere, goizeko bi itsasgoren inguruan, eta toki batzuetan gainditzeak ere gerta litezke. Mendebaldeko haizea zakarra izango da itsasoan eta itsasertzean. Itsasertzean, mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da gaur, batez ere gauean, eta 80-100 km/h-ko boladak espero dira; zenbait lekutan, batez ere Bizkaiko itsasertzean, 100 km/h-tik gorakoak ere izan daitezke. Bihar goizaldean ere haizea indartsu ibiliko da, baina indarra galtzen joango da orduek aurrera egin ahala.

Gaur arratsalderako, bestalde, zaparrada handiak espero dira, eta han-hemenka ekaitz-zaparradak bota ditzake, batez ere isurialde kantauriarrean, eta zenbait lekutan gogorrak izan daitezke. Gaur egunean zehar prezipitazio ugari meta daiteke isurialde kantauriarrean, orokorrean 30 eta 50 l/m² artean, nahiz eta isurialde kantauriarraren ekialdean 60 l/m² ere meta daitezkeen.

Fronte hotzaren ostean, tenperaturek behera egingo dute arratsalde-gau partean, eta elur-maila 1.000 inguruan koka liteke egunaren amaieran. Nolanahi ere, egunaren amaieran, eta bihar, asteartea, goizaldean, euria batez ere itsasertzean egingo du, eta 1.000 metrotik gora botako duen elurra ez da adierazgarria izango. Berez, Araban ez da ia batere prezipitaziorik espero bihar goizaldean.

Denboralea asteazkenean, hilaren 23an, joango da arintzen, nahiz eta oraindik ere haize zakarra espero den, hasiera batean gaurkoa eta biharkoa baino bareagoa, bai eta itsaso txarra ere, 3,5 metrotik gorako olatuekin, eta gaurko aurreikusitakoa baino euri gutxiago. Laburbilduta, udazkeneko denborale bat da, eta faktorerik adierazgarrienak itsaso zakarra eta mendebaldeko haize indartsua izango dira.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez, edo “Abisuak nahieran” zerbitzuan alta emanda. Larrialdietarako deitu 112 zenbakira.