Hezkuntza Sailak 2,2 milioi euro bideratuko ditu unibertsitateko ikasleen nazioarteko mugikortasun-programetarako. Horrek Erasmus+ programa europarra osatzen du, programa horietako batzuk ere hein batean finantzatzen baititu

0

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuaren proposamenez bileran onartu du 2022-2023 ikasturtean unibertsitate ikasleen nazioarteko mugikortasun programak izan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden unibertsitateentzako eta Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeentzako dirulaguntzen deialdia egiten duen agindua. Dirulaguntza deialdi honek 2.200.000 euroko zenbatekoa du 2022-2023 ikasturterako.

Europako Batasunak Erasmus+ programako mugikortasunetarako egiten dituen diru-ekarpenena ez da nahikoa kostuen %100 finantzatzeko; beraz, finantzaketa zabaltzea beharrezko gertatzen da deialdi honen bidez. Era berean, unibertsitate-mugikortasunetako zenbait Erasmus+ programan sartuta ez dauden destinoetara egiten da; horrela bada, horiek ez dituzte Europako erakundeen laguntzak jasotzen, eta, beraz, beste mugikortasun-programa horietan parte hertzen duten ikasleak finantzatu beharra ere agerian geratzen da.

Nazioarteko mugikortasun programetan parte-hartzeak goi-mailako ikasleen formaziorako duen garrantziaz ohartuta, Hezkuntza Sailak  aipatutako marko hori zabaltzen du, dirulaguntza deialdi honen bidez. Erasmus+ programara eta nazioarteko izaera duten bestelako mugikortasun-programetara atxikitako pertsonen mugikortasunen finantzazioa hobetzea da azken helburua.

Deialdi honek jasotzen duen diru-kopuru osoa (2.200.000€), beraz, era honetan banatua gelditzen da:

  • 932.084 euro, SEPIE estatu erakundeak (Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzua) emandako laguntzak osatzeko
  • 1.267.916 euro, estatuko erakunde horren laguntzarik gabe egiten diren egonaldietarako

Dirulaguntza horiek eskatuko dituzten erakundeak, ikasturte honetarako nazioarteko mugikortasun-programak dituzten unibertsitateak edo Goi-mailako Arte eta Kirol irakaskuntzen ikastetxeak izango dira; dirulaguntzen azken onuradunak, berriz, mugikortasun-programa horietan parte hartzen duten ikasleak, betiere EAEko udalerriren batean administrazio-egoitza dutenak. Ikasle horiek graduko unibertsitate-titulu ofiziala edo unibertsitate-masterra lortzeko ikasketak egiten, zein Goi-mailako Arte edo Kirol irakaskuntzak burutzen egon beharko dute 2022-2023 ikasturtean.

Joan den 2021-2022 ikasturtean nazioarteko mugikortasunerako 2.514 laguntza eman zituen Hezkuntza Sailak Euskadin, deialdi honen bidez.