Jaurlaritzak emakumeak Ertzaintzako oinarrizko eskalan sartzea sustatzeko lehenengo plana aurkeztu du 2026ra begira

0
PRUEBA

Josu Erkoreka Gervasio lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Sandra Ranea Galán Ertzaintzaren komisarioarekin eta Eneritz Errasti Izaguirre Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Berdintasuneko teknikariarekin batera, gaur goizean aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean “Emakumeak Ertzaintzaren B Eskalako Agente-kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026”. Plan aitzindaria, eraldatzailea eta berritzailea da, panorama konparatuan parekorik ez duena: Gobernu batek polizia-kidego bateko emakumeen presentzia hauek kidegoan sartu aurretik sustatzeko eta gehitzeko modua aztertzen duen lehenengo aldia da.

Horrela, Planak 10 helburu estrategiko eta 45 ekintza zehatz proposatzen ditu emakumeek Ertzaintzan gaur egun duten presentzia eskasa jatorritik zuzentzeko. Zeharkako eta diziplina anitzeko neurriak dira eta orain arte, esate baterako, erreferenterik ez izateagatik, ertzain izatea planteatu ere egiten ez zuten emakumeei nahiz sartzeko probak egiten ari diren edo gainditu dituzten eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak diseinatutako hautaketa- eta formakuntza-prozesuan edo praktikaldian murgilduta dauden (gutxi gorabehera bi urteko prozesua izaten da) emakumeei zuzenduta dago.

Helburu nagusia da oinarrizko eskalako agente-kategorian sartzeko prozesuan emakumeek aurre egin behar izaten dieten desberdintasunak eta diskriminazioak baztertzea, bai eta emakumea kidegoan sartzea sustatzea ere, hautaketa-prozesuetan parte hartzera eta prozedura gainditzera bultzatzeko ekintzen bidez. Horretarako, datozen 4 urteotarako ezarpen-prozesu progresibo bat zehaztu da, eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko eta kontu emateko sistema ere barne hartzen du.

Eusko Jaurlaritzak berdintasuna, Euskadiko polizietan ere, erreala eta eraginkorra izateko hartutako konpromisoari erantzuten dio Planak. Berdintasunerako Lantaldean ia urtebetean egindako lanaren emaitza da, eta Segurtasun Sailean eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian emakumeen eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea ahalbidetzen inplikatutako arlo guztiak daude ordezkatuta lantalde horretan.

Neurri zuzentzaileak (50-56 orriak)

Gaur egun, Ertzaintzaren erroldan % 83,47 gizonak ziren (5.993) eta % 16,53 emakumeak (1.187). Desberdintasun-egoera horri buelta emateko, eta emakumeak Ertzaintzan sartzea sustatzeko oinarrizko helburua betetzeko, “Emakumeak Ertzaintzaren B Eskalako Agente-kategorian sartzeko I. Sustapen Plana 2026” izeneko honek, lehenik eta behin, gertatzen ari diren desberdintasun-egoera nagusiak identifikatzen ditu eta, jarraian, 45 ekintza zehatz, berritzaile eta ausart proposatzen ditu datozen 4 urteotan egoera pixkanaka zuzentzen joateko:

Kidegoan sartu aurreko neurriak:

    1. Herritarrei zuzendutako neurriak, esate baterako, Ertzaintzari buruz diseinatzen diren komunikazioek, ikus-entzunezko materialek eta publizitate- eta sentsibilizazio-kanpainek genero- eta intersekzionalitate-ikuspegia barne hartzea. Emakumeen presentzia bermatuko dute, unitate ezberdinetan lanean ari diren emakumezko ertzainen erreferente normalizatuak izateko. Edota ertzain-lanbideari buruzko zabalkundea bultzatzea emakumeekin, Batxilergoko, LHko eta Unibertsitateko ikasleei zuzendutako ekintzen

 

    1. Ertzaintzako agente izateko lehiaketa-oposaketa bakoitzeko deialdiak diseinatzeko neurriak, esate baterako, gutxieneko garaiera kentzea, era horretara genero-arrailari amaiera emateko eta emakume gehiagok izena eman ahal izateko kidegoan sartzeko hautaketa-prozesuetan.

 

Hautaketa- eta formakuntza-prozesurako neurriak: desberdintasuna emakumeak hautaketa-prozesuan izena eman ondoren zuzentzera bideratuta. Besteak beste, hauek:

    1. Aurten hasita, hautaketa-prozesu bakoitzean emakumeek beteko dituzten plazen ehuneko progresiboa erreserbatzea legeak baimendutako % 40ko gehienekora iritsi arte: 2022. urtea, % 33; 2023. urtea, % 35; 2024. urtea, % 37; 2025. urtea, % 39; eta 2026. urtea, % 40.

 

    1. Proba fisikoak hurrengo deialdira atzeratu ahal izatea erditze aurreko, erditzeko edo erditu ondorengo egoeran dauden emakumeei.

 

    1. Sarbide-probak lau urtez behin berrikustea genero-ikuspegitik, datu zientifikoetan eta neutraletan oinarrituta.

 

    1. Lanarekin lotutako ezaugarri anatomikoekin, fisiologikoekin edo psikosozialekin zerikusia duten emakumeen behar bereziak aztertzea.

 

    1. Ertzaintzako irakasleen artean emakume gehiago izatea sustatzea.

 

    1. Sexu-erasoaren edo sexuagatiko jazarpenaren aurrean jarduteko protokolo espezifiko bat diseinatu eta ezartzea Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Diziplinazko falta oso larritzat hartuko dira.

 

Euskadiko Udaltzaingoekin jardunaldia

Urtea amaitu aurretik, Segurtasun Sailak Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen arteko lan-jardunaldi bat antolatuko du Plan honen helburuak eta ekintza zehatzak aurkeztu eta azaltzeko.