500.000 euro DIPCri, neutrinoen fisika-laborategia hornitzen jarraitzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Donostia International Physics Center Fundazioari (DIPC) 500.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea. Laguntza hori Neutrinoen Fisika-Laborategia langilez hornitzeko eta ekipatzeko baliatuko du DIPCek.

Euskadiko neutrinoen programa ikerketa-programa aitzindaria da Europan.    Helburua du EAEn bikaintasuneko ikerketako azpiegitura berezi bat sortzea, neutrinoen fisika funtsezko eta aplikaturako tresnen eta sentsoreen garapenean espezializatua. Zehazki, DIPCk zuzentzen du ESS Lunden neutrinoak modu koherentean sakabanatzeko anbizio handiko esperimentu baten proposamena.

Ikerketa-arlo hori garatuz eta indartuz, neutrinoen fisikan esparru berriak esploratu ahal izango dira, funtsezko aurkikuntza-potentzialarekin eta Euskadiko ikertzaileen lidergo sendoarekin. Horrela, Euskadira itzulera zientifiko handia lortuko da, eta Europako Espalazio Iturria (ESS Lund) gehiago erabiliko da; izan ere, horren eraikuntzan, Eusko Jaurlaritza ahalegin eta apustu handia egiten ari da ESS Bilbaoren bidez. 2024 inguruan, ESS energia baxuko neutroi eta neutrinoen iturririk indartsuena izango da munduan.

Laguntza honen helburu nagusia DIPCn Neutrinoen Fisika Laborategia  langilez hornitzea eta ekipatzea da. Euskadiko neutrinoen programaren helburua da Suediako Lund udalerrian dagoen Europako Espalazio Iturrian (ESS) neutrinoen sakabanatze koherentearen goi-estatistikako neurketak egitea.

2020 eta 2021 urteetan, Hezkuntza Sailak DIPCri emandako dirulaguntzen bidez, presio handiko Xe Time (Xenonen denbora) proiekzio-kamera bat garatu eta eraiki da (XeESS detektagailua). 2022an, gas-laborategiko osagaiak instalatzea eta muntatzea da proiektuaren ardatza. Horrek, neurketa espezifikoak egiteko eta interakzio nuklearren aurrean gasen erantzuna ezaugarritzeko aukera emango du. Era berean, langile espezializatuen kontratazioa finantzatzen jarraituko da.