Bilbo, Durango, Eibar eta Lasarte-Oriako hiri-berroneratze integralerako Next funtsen baimena

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak baimendu ditu gaur, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuak proposatuta, Espainiako Gobernuarekin eta Bilbo, Durango, Eibar eta Lasarte-Oriako Udalekin egindako hitzarmenak, udalerri horiei Next Generation EU funtsetatik zuzeneko dirulaguntzak emateko, eta horrela, bertako auzoen hiri-berroneratze integralerako programak bultzatzeko. Programa horiek dagoeneko martxan daude.

Funts horiek Gobernu zentralaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren bidez ematen dira, eta 6,57 milioi euro bideratzen dituzte Otxarkoagako (Bilbo) hiri-berroneratzera, 2,15 milioi euro Txontan (Eibar) egiten ari den esku-hartzera, 3,66 milioi euro Aramotzera (Durango) eta 4,39 milioi euro Basaundi-Bailarara (Lasarte-Oria).

Guztira 16,77 milioi euro dira Europako funtsetatik bideratutakoak. Kopuru horri Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko auzo kaltebera horietan inbertitu dituen 13,97 milioi euro gehitu behar zaizkio. Jarduketen barruan sartzen dira eraikinak birgaitzea energia-efizientziaren ikuspegitik —haiek deskarbonizatzeko—, irisgarritasun unibertsala, suteen aurkako segurtasuna eta eraikinak handitzea, bizigarritasun-baldintzak hobetzeko; halaber, hiri-ingurunean esku hartzea sartzen da, azpiegitura berdeak eta urdinak eratuz, oinezkoentzako espazioa hobetzea eta autokontsumo partekatuko komunitateak sortzea, baita bizilagun horientzako beste prestakuntza-jarduketa batzuk eta enplegua sortzea ere.

Guztiek hurbileko bulegoak dituzte auzoan. Bulego horien bidez, auzokoen erkidegoei laguntza ematen zaie egin beharreko esku-hartzeetan, eta horretarako, eskura ditzaketen laguntzen berri ematen zaie bertan. Gizarte-izaerako jarduketak ere egiten dira, bai gazteenekin —beren denbora librean garatzen diren kultura-arloko ekimenen bidez—, bai helduekin, gizarte-gaietako, enpleguko eta gizarteratzeko sistemek osatutako sektoreen arteko mahaiak antolatuz; horietan, esparru bakoitzaren premia espezifikoak lantzen dira.

Lau auzo horiek auzo kalteberen hiri-berroneratze integralerako planeko lehenak dira. Plan horrek, hainbat finantzaketa-iturriren bidez, Euskal Autonomia Erkidego osoko 21 udalerri hartzen ditu dagoeneko.