Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien Sarea zabaldu da fotonikari buruzko beste batekin

0

Gaur inauguratu da Bordeleko Unibertsitatean Euskampus Bordeaux Eguna 2022, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen Mugaz Gaindiko Campusak eskuratutako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta partekatzeko urteroko hitzordu handia. Ekitaldi horretan, Trans Light, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategi berria ezagutarazi da. Horrekin sei dira laborategiak, eta haien sareak benetako mugaz gaindiko ikerketa-komunitateak sortzea bultzatu du.

Lehen Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategia (LTC) 2017an sortu zen. QuantumChemPhys, da, eta eskala kuantikoko kimika eta fisikan aritzen da. Ekimenaren helburua zen esparru instituzional egonkorra sortzen, non Euskal Herriko eta Bordeleko ikerketa-taldeak elkarrekin lan egin eta benetako mugaz gaindiko lantaldeak sortu ahal ziren. Urtez urte LTC berriak sortu dira, gaur arte bost zeuden lanean: QuantumChemPhys-ekin batera, AENIGME (Fabrikazio Berde eta Ekodiseinuari buruzko Akitania-Euskadi Sarea); TRANSMATH (matematika eta bere aplikazioak); GREEN CONCRETE, (hormigoi eta zementu oinarria duten material jasangarriagoak ikertzeko); eta COMORPD, (Parkinson gaixotasunari lotutako konplikazio ez motorrak aztertzen dituena). Seigarrena gehitu da gaur, eguerdian Bordelen inauguratu den Euskampus Bordeaux Egunaren esparruan aurkeztu baita.

Trans Light izeneko LTC berriak lankidetza-ikerketa bultzatuko du Fotonikaren esparruan, Euskal Herriko (fotonika.eu) eta Bordeleko bi komunitate oso aktiboren parte-hartzeari esker. Ikerketa-programak honako hauetara bideratuta daude: eguzki-energia era eraginkor eta merkean ustiatzea, 4.0 hiri eta industria adimendunak sortzeko teknologia berriak garatzea, hala nola etorkizuneko krisien aurkako segurtasuna eta prebentzioa bultzatzekoak. Teknologia fotonikoen beste aplikazio batzuk bizitzaren eta osasunaren zientzietara zuzentzen dira, eta irtenbide jasangarriak ere ematen dituzte hainbat arlotan: uraren eta elikagaien kalitatea eta segurtasuna, gizarteen zahartzea, osasun publikoa eta pandemiak. UPV/EHUko Javier Aizpurua eta Bordeleko Unibertsitateko Brahim Lounis eta Lionel Canioni dira ikertzaile nagusiak.

LTCak paretarik gabeko laborategiak dira, hau da, egoitza bakarra ez dutenak. Ikerketa-proiektu komun bat dute ardatz, eta Euskal Herriko eta Bordeleko taldeek parte hartzen dute bertan, dauden baliabideen trukea sustatuz, bai giza baliabideena, bai ekipoena eta kostuena. Bi ikertzailek koordinatzen dituzte, bata Euskal Herrikoa eta bestea Bordelekoa, eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetan eta Akitania Berria-Euskadi-Navarra euroeskualdearen estrategian zuzeneko eragina duten lanak egiten dituzte.

Laborategi hauek helburu hauek dituzte: emaitza zientifikoen balio erantsia eta mugaz gaindiko ikerketaren ikusgarritasuna handitzea, bai EBn, bai nazioartean; proiektu handiagoak bultzatzea, eta, beraz, finantziazio handiagoa erakar dezaketenak; eta ikertzaile seniorrak, gazteak eta ikasleak biltzen dituen nazioz gaindiko ikerketa-komunitate bat sustatzea, eta baterako prestakuntza-eskaintza garatzea. Bi unibertsitateen zuzeneko finantziazioa jasotzen dute lau urtez, bai eta prestatzen ari diren ikertzaileak ere, eta 2022tik aurrera Adagio Europako proiektuaren laguntzak jaso ditzakete.

Bikaintasun zientifikoan eta nazioartekotzean egindako aurrerapenak ageri dira bost urte hauetan lortutako emaitzetako batzuetan: 138 ikertzailek lan egiten dute LTCLetan, eta 122 argitalpen zientifiko kaleratu dituzte, 22 tesi kotutoretzan eta 14 nazioarteko tesi, hiru patente eta 33 lankidetza-ekimen enpresekin.

Arrakasta horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak asmo handiagoko proiektu bat jarri du abian, LTC Sarea, eta horrek esparru egonkorra sortuko du ikertzaileen nazioz gaindiko komunitate horrentzat, lau urterako 2 milioi euroko aurrekontuari esker. LTC Sareak lehendik dauden laborategiei laguntzeaz gain, LTC inkubagailuen bidez berriak sortzea sustatzen du. Inkubagailu horietan beste erakundeko talderen batekin lankidetzan aritu diren UPV/EHUko edo Bordeleko Unibertsitateko taldeek parte har dezakete.

Inaugurazio ekitaldia

LTC berria aurkeztu da Euskampus Bordeaux Eguna inauguratu ondoren. Bihar arte (azaroaren 22a) izango da jardunaldia, eta Mugaz Gaindiko Campuseko komunitateko 200 pertsonak baino gehiagok hartuko dute parte. Inaugurazio-ekitaldian izan dira Eva Ferreira, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea; Denis Lewis, Bordeleko Unibertsitateko presidentea; Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua; Gerard Blanchard, Akitania Berriko Eskualde Kontseiluko Goi Mailako Hezkuntzaren eta Ikerketaren arloko lehendakariordea; Ricardo Donostia International International Physics Centereko Zuzendaria, eta Elena Schaeidt, Tecnaliako Garapen Korporatiboko zuzendaria,

Inaugurazioan Eva Ferreirak, UPV/EHUko errektoreak, zera azpimarratu du: “Euskampus -Bordeaux Eguna elkartzeko, proiektuak eta ikerketak partekatzeko eta harreman profesionalak eta giza harremanak hitzartzeko aukera bat da. Aurtengo edizioan, gure lankidetzaren alderdi arrakastatsuenetako bat azpimarratuko dugu: LTC, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategiak. Helburu hauek dituzte: arlo jakin batean proiektuak garatzea, emaitzak sustatzea, haien ikuspena areagotzea, ikertzaile-komunitate bat sortzea, eta graduondokoen arloan baterako prestakuntza-eskaintza sortzea. Laborategiek dagoeneko osatu dute lan-sare bat (LTC Sarea), Eusko Jaurlaritzaren laguntza finantzarioarekin, eta eskerrak ematen dizkiot proiektu horren alde egindako apustu irmoagatik”.

Jokin BIldarratz Hezkuntza sailburuak nabarmendu duenez, “iaz, Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategien Sarea (LTC Sarea) egituratzeko laguntza irmoa iragarri nuen ekitaldi honetan. Sare hori lehendik zeuden laborategietatik abiatzen zen. LTC Sarearen label hori funtsezkotzat jotzen dut, laborategien iraunkortasuna indartzen digu orainaldian eta etorkizunean. Hezkuntza Saila eta Berrikuntza Funtsa Sarearen aurrerapenaren eta hazkundearen lekuko eta jakitun gara. Ekimen bikaina eta beharrezkoa da. Euskadik eta Akitania Berriak gure bikaintasunerako gaitasun zientifikoa handitzea ahalbidetuko duten proiektuak garatzeko euroeskualdeen helburu partekatua dugu”.

«Oso harro gaude Mugaz Gaindiko Campuseko kide izateaz eta Mugaz Gaindiko Lankidetza Laborategietan parte hartuz hura garatzeko funtsezko erakundea izateaz. Horren fruitu ikusgarrienetako bat  da kotutoretzako doktoretza-tesiak egitea. Gainera, uste dugu ekarpen garrantzitsua egin diezaiokegula ENLIGHT Aliantzaren etorkizunari, bai lehendik ditugun lankidetza zientifikoko sareetatik abiatuta, bai Aliantza osatzen duten unibertsitateekin irekiko diren sare berriei esker”, esan du Ricardo Díezek, DIPCko zuzendariak.

“Ohorea da Tecnaliarentzat campus honetan parte hartzea. Bide berri bati ekiteko garaia da, eta, bide horretan, Tecnaliak, UPV/EHUk, Bordeleko Unibertsitateak eta DIPCk lankidetza areagotuko dugu gure lurraldeetako beste eragile batzuekin, Mugaz Gaindiko Campusaren eragina bultzatzeko”, adierazi du Tecnaliako Elena Schaeidtek,

Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011n sortu zen, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko bikaintasun programetan oinarrituta, eta DIPC eta Tecnaliaren laguntzarekin. Haren helburuak dira: ikasleei, irakasle-ikertzaileei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei irakaskuntza, ikaskuntza eta gaikuntzarako ingurune berdingabe bat ematea; lankidetza ikerketako espazio puntako bat ezartzea Europan; eta enpresekin, gizarteko erakundeekin, administrazio publikoekin eta herritarrekin, ezagutza eta berrikuntzaren aldeko lurralde ekosistemak sustatzea. Era berean, beste helburuetako bat da hezkuntza-berrikuntzan aurrera egitea, ENLIGHT Europako Unibertsitatearen testuinguruan. Unibertsitate horretako kide dira UPV/EHU eta Bordeleko Unibertsitatea, beste zazpi unibertsitaterekin batera: Gante (Belgika), Groningen (Herbehereak), Göttingen (Alemania), Uppsala (Suedia), Galway (Irlanda), Tartu (Estonia) eta Comenius-Bratislava (Eslovakia).