Gobernu Kontseiluak baztertu egin du Hauteskunde Administrazioa propaganda elektoralaren bidalketa zentralizatuaz arduratzea

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
Jaurlaritzaren Kontseiluak uko egin dio Elkarrekin Podemos-IU legebiltzar taldeak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko ekainaren 15eko 5/1990 Legea aldatzeko egindako lege proposamena aintzat hartzeari. Alderdi horrek gutun azalak, boto-paperak eta hauteskunde propaganda modu zentralizatuan eta komunean bidaltzeko sistema bateratua ezartzea proposatzen du, eta proposatzen du Hauteskunde Administrazioak egitea bidalketa zentralizatua.

Bere asteroko bileran, Gobernu Kontseiluak Legea aldatzearen aurkako iritzia azaldu du, Hauteskunde Administrazioak (lurralde historiko bakoitzeko hauteskunde batzordeek eta hauteskunde mahaiek osatua) ez baitu eginkizun hori, ezta lan horiek bere gain hartzeko gaitasunik ere, berez izaera “erdijudiziala” duelako. Ildo horretan, gogoratu behar da indarrean dagoen Legearen 13.1 artikuluaren helburua dela hauteskunde prozesuaren gardentasuna eta objektibotasuna bermatzea, bai eta kargu publikodunak eskuratzeko berdintasun printzipioa ere, auzitegiei dagozkien eskumenen kalterik gabe.

Hauteskunde batzordeek ez dute hauteskunde mekanikako eta kudeaketa hutseko arazoetarako agindurik, eta, hauteskunde materiala masiboki bidaltzeaz arduratuko balira, ez daude horretarako prestatuta. Proposatutako legearen aldaketarekin lortu nahi den eginkizun esleipen hori ez dator bat ez jatorrizko helburuarekin, ez gaur egungo osaerarekin eta funtzionamenduarekin.

Halaber, lege proposamenak dio bidalketa bakarra erabili nahi duten alderdi politikoek eta koalizioek indarrean dauden formatuak bete behar dituztela, eta, gainera, hauteskunde propaganda osatzen duten elementuak erregelamendu bidez finkatu beharko liratekeela. Eusko Jaurlaritzaren ustez, horrela, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi, federazio edo koalizioen askatasuna mugatu eta estutu egingo litzateke. Horrela, beren propaganda jardueraren zati handi bat erregelamenduzko arau baten baldintzen mende egongo litzateke.

Azkenik, Gobernu Kontseiluaren ustez, lege proposamenak akatsak ditu teknika juridikoan, dagozkion artikuluak aldatzea planteatu beharko lukeelako hauteskunde administrazioaren eskumen berri hori jasotzekotan.