Urtero, azaroaren 22an Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Hori dela eta, Gazteen Euskal Behatokitik Euskadiko gazteen musikazaletasunari buruzko datu batzuk aurkeztuko ditugu.
2022ko azaroan Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteen % 72,1ek azaldu du egunero erabiltzen duela musika streaming bidez entzuteko aplikazioren bat. Emakume gazteek gizon gazteek baino neurri handiagoan erabiltzen dituzte horrelako aplikazioak. 25 urtetik beherako gazteen artean, egunero aplikazio horiek erabiltzen dituztenen ehunekoak 25 eta 29 urte bitartekoenak baino handiagoak dira.
Bestalde, 2022ko azaroan, 15 eta 29 urte bitarteko hiru gaztetik bik (% 64,5) adierazi dute aurreko hiru hilabeteetan kontzerturen batera joan direla. Kontzertuetara joatea zertxobait ohikoagoa da emakume gazteen artean gizon gazteen artean baino. Kasu honetan, kontzertuetara bertaratu direnen ehunekoak handixeagoak dira 20 eta 29 urte bitartekoen artean 15-19 adin-taldean baino.
Gainera, 2021eko maiatzean, lau gaztetik batek (% 24,2) esan zuen musika-tresnaren bat jotzen zuela. Kasu honetan ez dago alde aipagarririk gizon eta emakume gazteen artean, baina bai adinaren arabera: 25 urtetik beherako gazteek 25-29 urte bitartekoek baino neurri handiagoan zioten musika-tresnaren bat jotzen zutela.
Aurkeztutako datuak Euskadiko 15 eta 29 urte bitarteko gazteei online egindako bi inkestetatik datoz. Lehenengoa 2021eko maiatzean egin zen eta inkesta horri 2.495 gaztek erantzun zioten; bigarrena 2022ko azaroan burutu da eta bertan 3.077 gaztek parte hartu dute.